Askotan, baina, ez zait erraza suertatzen jakitea 1550 karaktere preziatu hauek zeri edo zeini eskaini. Horregatik itxaron egiten dut; barruko idazteko ar hau zerk edo nork piztuko zain. Batzuetan berri bat da, edo barne-hausnarketa bat; behaketa, oroitzapen, komentario, kartel, irudi… edozer bilaka liteke barruko ideiak dantzan jartzeko beharrezko estimulu. Eta heltzen da… normalean garaiz, beste batzuetan egun pare bateko atzerapenarekin… baina beti iristen da. Akaso azkeneraino mantentzen dudalako halako konfiantza itsu bat. Itxaroten jakin behar… besterik ez.
Oraingo honetan irrati elkarrizketa bat izan da. Arantxa Iturbek ohikoa duen ahots leun eta galdera zintzo bezain sakonei erantzunez aritu zen Pako Aristi. Eta horretan, etiketak aipatu zituen idazleak; etiketak eta botere harremanak. Eta hortxe piztu zitzaidan ustekabean barne-arra, Arbizutik Iruñera bidean, gauerditik gertu, semea kotxean lo nekarrela.
Harreman batean, etiketa jartzen duena da boterea duena. Boteredunak du hori egiteko ahalmena. Hetero-patriarkatuak “feminizidak” etiketa jarri die feministei; “putak” beren gorputza modu askean bizi duten emakumeei; “marikoiak eta bollerak” beren desio sexuala araututakotik kanpo gozatzen dutenei; “terroristak” euskaldunei; “hippiak” naturaren defentsan diharduten aktibistei, eta abar luze bat. Desaktibaziorako lehen urrats bat omen. Inork ez du etiketatua izan nahi, «normala» ez den beste ezertan. Baina etiketak nor-bere egiteak etiketa berari indarra galarazten diola jakin badakite marika, bollera eta putek. Boterea 0, Besteok 1.
Baina tamalez botere harremanak ez dira soilik Boterea eta jendartearen artekoak. “Gaur nik, bihar niri” espiral itsuan gabiltza dantzan, atzo jarri zidaten etiketa bihar nori jarriko diodan erabakitzen; boterea alboan betikotu nahian edo… nork daki!