Nafarroa beti izan da muturrekoa, horregatik Skolaek piztu duen lurrikarak ez nau gehiegi harritzen. Berdintasunean oinarritutako gizarte bat aldarrikatzetik haratago, gizarte hori eraikitzeko bidean pauso zehatz bat suposatzen duen heinean, beren sinismenen aurkako eraso zuzentzat hartu dute hainbat navarrak eta navarrok. Historia beti da indar kontserbadore eta aurrerakoien arteko talka bat, eta noizean behin olatu bizi eta bortitzez azaleratzen dira, zerbait mugitzen ari denaren seinale. Baina komunikabideetako zaratak zarata, errealitateak desberdintasunarekin, eta honen oinarrian dagoen matxismoarekin amaitzeko beharra aurpegiratzen digu etengabe: 17 urteko nerabe bat, bere 19 urteko bikotekidearen eskutan erahila; suhiltzaile izateko mutila jaio behar dela uste duen lau urteko neskatila, liburutan suhiltzaile neskarik ikusten ez duela eta; ikasketa maila handiko neska etorkinen bi lan aukerak, hots, garbiketa ala zainketa, lan banaketa, soldata arrakala, kristalezko sabaiak…
Belar-txarrak erraz zabaltzen dira. Baina non estaltzen dira munstro handi honen erroak? Nora jo behar dugu? Zer da egin behar duguna etorriko direnak aurreko adibideetako protagonistak/biktimak izan ez daitezen? Skolaeren indar handi bat formatzaileen formakuntza da. Aspalditik dakigu hezkuntza dela gakoa. Gure ikasgeletan, gure etxeetan gertatzen diren egoera ñimiño horiek dira klabea. Bizitza jolas bat bezala hasten da, helduen bizitzarako entrenamendu bat. Su txikiak dira. Batzuk itzali beharrekoak eta beste batzuk aldiz, hauspotu beharrekoak; liburuetan agertzen diren suhiltzaileak neskak nahiz mutilak izatea lortu arte.