Neguko txapel eta eskularruak armairuan daude, txukun-txukun, erabilera noiz emango zain. Aldiz, leihoak ireki eta ezin jakin zein urtarotan gauden, ezin jakin zein ote egokiago: mahuka motza ala luzea? Egia da eguzki goxoa gustura hartzen dela, baina joan berri zaigun otsaila zuria eta hotza zen lehen, neguaren aurpegi gordinena maiz, eta aurten zelaiak eta zuhaitzak loratzen ikusten ari gara, udaberria bailitzan.
Azken aste hauetan iparraldeko herrialdeetatik etorritako “School Strike for Climate” gazte mugimendua haize ufada freskoa izan da, eta nik behinik behin eskertu dut negu epel honetan. Zer esana ematen ari da, eta jakin badakigu zer esanetik zereginera tarte bat egon badagoela, baina belaunaldi gatazka bat jarri du agerian. Ostiraletan ikasgelak utzi eta kaleak hartu dituzte hainbat ikaslek, Gretaren adibideari jarraituz, Kapitalismoak planeta hiltzen duela salatzeko. 16, 17, 18 urteko gazte horiek, zeintzuk indibidualista, berekoi eta asozialtzat ditugun, ikasgai galanta ari zaizkigu ematen 80ko hamarkadako kolektibotasunaren nostalgiko garenoi. Beren bizitza labur hori soinean daramatelarik eta beren etorkizun eskubidea ukabiletan gordeta, muturren aurrean jarri digute gizateriak duen arazorik larriena: Lur planeta bizileku izateari uzten ari dela.
Martxoaren 8-a pasatu berri den honetan, inoiz baino ozenago, bizitzak erdigunera: Bizitza bera erdigunera, etorriko diren seme-alabek ere oraina izan dezaten. Hortaz, birpentsa dezagun aurrerantzean, zeri deitzen diogun “eguraldi ona”.