Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lehen jai egun oso garrantzitsua zen, eta erreibindikazioek eta festak bat egiten zuten. Egun, Corpus eguna igandera atzeratu zutenetik, ez da horren inportantea baina ospatzen jarraitzen da. Horrela, igandean, eguerdi partean, aurten Jaunartzea egin duten haurrak prozesioan aterako dira, eta propio jarritako aldarean haurrek loreen petaloak botako dizkiote Kristoren gorputza gordetzen duen Kustodiari. Elizkizunak bukatuta, berriki Lakuntzako Udalak zaharberritu dituen Pikota eta haren alboan dagoen Santa Rita iturria mustuko dira. Lizarrako Sagarte, servicios artisticos y restauracion enpresak egin ditu zaharberritze lanak, eta itxura bikaina hartu dute bai iturriak eta bai Pikotak. Lehen ilun zeuden, eta orain oso argi, guztiz garbiak. Gainera, azken egunetan iturriaren ondoko lorategia txukundu dute, landare berriak jarriz, eta gune guztia ederki geratu da. Bada, igandean, plaka bat jarriko dute eta Pikotaren gainean ikurriña jarriko da. Ondoren auzatea izanen da. Bitartean, Lakuntzako Udalak antolatutako Kaleko V. Pintura Lehiaketan ariko diren margolariak egun guztian barna lanean ikusteko aukera izanen da. 19:30ean, Corpus egunean ohikoa denez, herriko dantzariek Alkate Dantza dantzatuko dute plazan, udal ordezkarien aurrean, eta segidan auzatea izanen da. Naima musika taldeak giroa goxatuko du, 19:00etatik 22:30era dantzaldia izanen baita plazan. Dokumentala eta erakusketaKultur Ille 08 programaren barruan, gaur, maiatzaren 23an, ostiralean, 20:00etan Lakuntzako Gure Nahia jubilatuen klubak "Desafectos, esclavos de Franco en el Pirineo - Francoren esklaboak Pirinioetan" dokumentala hartuko du, Eguzki Bideoak taldeak 2007an grabatutakoa. Francok Gerrate Zibila irabazi eta gero, bando gorriko soldaduekin batailoiak osatu zituen, ia esklabutzako egoeran hainbat obra eraikitzera behartuz, tartean Salazar eta Erronkari arteko errepidea. Egoera hau salatzen du bideoak. Ondoren hitzaldia eskainiko du Memoriaren Bideak kolektiboko kide batek. Bestalde, larunbatean eta igandean pintura, lentzeria eta eskulanetako ikasleen lanen erakusketa hartuko du udaletxeak. Larunbatean 18:00etatik 20:30era izanen da zabalik, eta igandean, 12:00etatik 14:30era eta 18:00etatik 20:00etara. Liburutegia, mustutaAurreko ostiralean Lakuntzako udal liburutegiaren mustutze ekitaldia izan zen. Irantzu Erdozia izanen da liburuzaina eta 16:00etatik 20:00etara izanen da zabalik. Liburu eta dokumentuen mailegutza zerbitzua emateaz gain, ikasteko eta etxeko lanak egiteko toki aproposa da. Internet sarbidea duten bi ordenagailu erabili ahal izango dira, eta DVDak eta bideoak ikusi. Bestalde, WIFI zerbitzua eskaintzen du. Hau da, eskuko ordenadorea edo portatila eraman eta internetera konektatu ahal da, dohain. Liburutegiaren estreinaldirako propio, eta Kultur Illeren barruan, Patricia Eneritz ipuin kontalariarekin gustura egon ziren ekitaldian bildutako lakuntzarrak. "Hotz ala bero, ipuinak egunero" izenburuarekin, makina bat ipuin eta abenturatan murgildu ziren aretoa bete zuten haur eta helduak. Bestalde, larunbatean 100 pertsona bildu ziren Lakuntzako Pertza elkartean antolatutako bertso afarian. Xabier Paia, Xabier Silveira eta Erika Lagomaren bertsoak entzuten giro bikaina sortu zen, ordu txikira arte luzatu zena. Arratsaldean bertso poteoa izan zen, Haizeako kantariekin batera kantaldi animatuan.