Eguraldiak ez zuen lagundu

Guaixe 2008ko otsailaren 7a

20. jardunaldia: Lagun Artea 0 - Urroztarra 0 Haizeak ez zuen futbol erakustaldi ona egiteko aukerarik eman joan zen asteburuan Lakuntzan. Indartsu astindu zuen Zelai-berri eta, tarteka, euri tantek ere laguntzen zioten. Gauzak horrela, ez zen erraza izan futbolean aritzea. Hala ere, lakuntzarrak behin baino gehiagotan gerturatu ziren aurkakoen atera. Hiru gol aukera argi eduki zituzten, baina, horretan ere, haizea oztopo izan zuten.Berdinketak 3. lekura jaitsi ditu lakuntzarrak, igoera postutan oraindik ere. Partida garrantzitsua dute asteburu honetan, 41 punturekin taula nagusian 2. lekuan dagoen San Cristobalen aurka aritu beharko dute eta.