Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pedrok Lakuntzara 10 paisaia ekarri ditu. Akuarelaz egindakoak dira margoak, tamaina ertainekoak. Mihisetan bertako eta Tajo Garaiko, Guadalajarako, paisaiak ikus daitezke, duela 4 urte inguru egindakoak. Pedrok berak esan digunez "aire zabaleko margolaria naiz. Norabait joan eta paisaia gustatzen bazait han bertan lan egiten dut". Bere lanen bidez "sentimentu" hori transmititu nahi du. Lakuntzako erakusketan akuarela nagusi bada ere, beste teknika batzuk ere lantzen ditu Pedro Oses Navazek. Aurreratu digunez, Iruñeko Gotorlekuan jartzeko prestatzen ari den erakusketan akrilikoa da nagusi. Eskarmentu zabaleko margolaria da Pedro Oses Navas. Iruñeko arte eta lanbide-eskolan margolaritza ikasketak egin zituen. "Txikitatik maite nituen komikiak eta haiek kopiatzen hasi nintzen" esan digu margolariak. Hala, margo lanez gain komiki lan ugari egin zituen garai batean Habekomik, El Vibora, Makoki eta bestelako aldizkarietarako. Hainbat libururen irudiak egin izan ditu, besteak beste, Joxemari Iturralde, Xabier Etxaniz Erle edo Bernardo Atxagaren liburuetarako. Hainbat erakusketa eginak ditu eta sariak ere jaso izan ditu.SorgiñakTaberna lakuntzarreko jabeak, Manuela Uranga Lazkanok adierazi digunez, "neretako taberna edariak zerbitzatzea baino zerbait gehiago da. Bestela oso hotza da. Nire asmoa beti izan da kultur jarduerak antolatzea izan da". Eta horretan makina bat urte daramatza. Gehienok, batez ere, han antolatu diren kontzertuekin lotzen dugu Sorgiñak. Baina Mauelak azaldu digunez, "lehen ere antolatu izan ditugu erakusketak, herriko artistenak ziren". Manuelak esan digunez, lagun baten bidez itzal handiagoa duten artistekin harremanetan jarri da eta hala lortu du Pedro Osesen erakusketa antolatzea. Dirudienez ez da bakarra izanen eta beste erakusketa batzuk antolatzea baitu buruan Manuelak.