0-3 haur eskola beharrezkoa den aztertuko du Udalak

Guaixe 2008ko otsailaren 22a

Horrela, 20 eta 35 urte bitarteko lakuntzar guztiei eskutitza bidali die Udalak, inkesta bat betetzeko laguntza eskatuz. Inkesta horretan, nahiz eta seme-alabarik ez izan, izatekotan zer eginen luketen erantzutea eskatzen zaie herriko gazteei. Lana eta amatasun-aitatasuna bateratzeko zein eredu aukeratuko luketen galdetzen du Udalak, eta bi aukera: bikotekide batek lana uztea haurraz arduratzeko; edo bikotekide batek lanaldi murrizketa hartu. Bigarren kasua hautatuz gero, ondoko proposamenen artean aukeratu behar da: haurra haur eskolara eramatea, haurra aiton-amonek zaintzea, zaintzaile bat kontratatzea edo bestelakoak. Ama-aita ezkongabeen kasuan zein eredu aukeratuko luketen eskatzen du ere inkestak, eta honakoak dira proposamenak: lanaldi murrizketa, haur eskola, aiton-amonak, zaintzailea edo bestelakoak. Bukaeran, 0-3 urte bitarteko haur eskola beharrezkoa ikusten den galdetzen du Udalak, eta gaiaren inguruan iradokizunak idaztea eskatzen du. Proposamena eztabaidaraErantzundako inkestak udaletxeko atean dagoen posta kutxan utzi behar dira, eta gaur, ostirala, otsailaren 22a da erantzunak emateko azken eguna. Inkestaren erantzunekin eta Lakuntzako Udala burutzen ari den datu demografikoen azterketarekin ikusiko da haur eskola beharrezkoa den ala ez. Ordurako udalak egitasmo hori bideragarria den ala ez ere jakinen du. "Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin bitan bildu gara haur eskolaren gaiaz aritzeko eta harrera ona izan dugu. Herritarrek haur eskola beharrezkoa ikusten badute, zenbakiak egin beharko dira proiektua bideragarria den ala ez aztertzeko. Akaso Lakuntzako Udalak ezingo luke egitasmoa bere gain osoki hartu, eta orduan aztertu beharko da ea inguruko udalekin batera zerbait egitea posible den. Guztia dago aztergai" gaineratu du Oihane Uribe-Etxeberriak. Aipatu azterketen emaitzak eskuartean dituztenean 0-3 urte bitarteko haur eskolaren proposamen garatuagoa izango du Lakuntzako Udalak eskuartean. Proposamen hori herritarren aurrean aurkeztuko du Udalak, herritarren artean eztabaidatzeko eta guztien artean erabakia hartzeko. Aurkezpen bilera horren deialdia bando bidez eginen du Udalak.