Aurki hasiko dira erdiguneko lanak

Guaixe 2008ko apirilaren 24a

Lakuntzako Udalak aurtengo aurrekontua onartu berri du: 2.656.916 euro. Iazko aurrekontuarekin konparatuta, nabarmen egin du gora aurrekontuak, bereziki aurten lan potoloak jaso direlako. Inbertsio nagusia Mañueta, Mañueta plaza, Estafeta, Maddalen eta San Salvador eliza atzealdeko lanak egiteko beharrezkoak diren 517.950 euroak dira. Arian enpresak eginen ditu lanak, eta eurekin biltzekoak gara lanak nondik hasi eta beste xehetasun batzuetaz aritzeko, udako festetarako plaza inguruak garbi egon behar baitu. "Lanak berehala hasiko dira, eta 5 hilabeteko epean despedituak egonen direla aurreikusten da" azaldu du Lakuntzako alkate Jose Ramon Garinek (EAE-ANV), Nafarroako gobernuak 351.850 euroko laguntza emanen duela gaineratuz.Udaletxeko eta eskolako lanakUdalaren beste asmo bat udaletxea konpontzea da. "Aurreko udalak igogailua jarri eta fatxadako zura konpondu eta margotzea zuen buruan, baina teknikari bat ekarri dugu eta eraikina aztertu ondoren, besteak beste teilatua oso izorratuta dagoela konturatu gara. Proiektu bat eginen dugu teilatua berritu, eraikinari altuera bat gehiago eman, igogailua jarri eta fatxada konpontzeko. Egitasmorako 280.000 euro jaso ditugu aurrekontuan, eta Nafarroako Gobernuak 112.821 euroko diru laguntza emanen digu" dio Garinek, lanak aurten hasteko asmoa dutela esanez.Beste inbertsio inportantea Luis Fuentes ikastetxean oztopo arkitektonikoak kentzeko eginen diren lanena da. 230.000 euro bideratu dira, eta besteak beste, dauden oztopo arkitektonikoak kendu, igogailua jarri, komunak berritu, gela berri bat egin eta gimnasioaren altura jasoko da. 81.250 euroko laguntza izanen du Lakuntzako Udalak.Aipatzekoa da ere Udalak zine zaharra zaharberritzeko 300.000 euroko kopurua zehaztu duela aurrekontuetan. Gogoratu, Espainiar Estatuko Gobernuak 2006an %100ean subentzionatutako proiektua dela hori. Ildo horretan, Lakuntzako alkateak azaldu du oraindik ez dagoela zehaztuta nola izanen den zinearen zaharberritzea, hasierako proiektuan aldaketak egin behar direlako, araudiari egokitzeko Gobernuak hala eskatuta. Aldaketak onartzearen zain daude ekimenari heltzeko.Hirigintza plan berriaLakuntzako hirigintza arautzen duten arau subsidiarioak 1989an onartutakoak dira. Hori dela eta, Lakuntzako Udalak hirigintza plan berria zehaztu nahi du. Planaren erredakziorako 103.000 euro jaso dira aurrekontuetan, eta berriki Nafarroako Gobernuarekin konbenioa sinatu du Udalak, erredakzioa egiteko. Gobernuak 82.400 euroko laguntza emanen du. Ildo honetan, alkateak azaldu du herritarren iritzia jaso nahi dutela hirigintza plana zehazte bidean, eta aurrerantzean ere bilerak eta batzarrak deituko dituztela. Herritarren partehartzea oso inportantea da Udalarendako, eta horregatik 9.000 euro bideratuko dira herritarren parte hartzea sustatzea helburu duen proiektu baterako (6.000 euroko laguntza izanen du ekimenak).Beste inbertsio batzuk aipatzearren, XVI. mendeko pikota zaharberritzeko lanetarako 10.500 euro bideratu dira (5.500 euroko laguntza jaso du Udalak); festa eta erromeriendako 70.000 euro; partzelaria eta bideak konpontzeko 150.000 euro (Nafarroako Gobernuan diru laguntza eskatu da eta %60 jasotzea espero dute); basolanetarako 12.000 euro (7.200 euroko diru laguntza); hondakindegiko bidea berritzeko 15.800 euro, hondakindegia hobetzeko 15.000 euro. Horri guztiari ohiko gastuak gehitu behar zaizkie: udal langileak, herriko argiak, aseguruak, musika eskola, ludoteka, Mankomunitateko kuotak eta abar. Jose Ramon Garinek adierazi du Udalak zerbitzu urbanistikoa edo arkitektoak aldatu dituela; orain LUA Arkitektoak izeneko enpresarena da aipatu ardura eta ekonomista ere berria da. "Euren kezka edo arazoez aritzeko herritarrak arkitektoekin edo nirekin bildu daitezke. Horretarako udalera deitu eta ordua hartu behar dute, eta gustu handiz hartuko ditugu" dio alkateak, jendeak udalera asko jotzen duela gaineratuz.