Maputxe herria eta Sakana eskutik

Guaixe 2008ko apirilaren 25a

Igandean, goizeko 11:00etan zuten hitzordua eta Arbizu, Lakuntza eta Arruazuko ordezkariekin bildu eta gero, jendaurreko harrerari hasiera eman zitzaion. Txalapartaren doinuei omenezko oroigarrien eskaintzak eman zion segida. Arbizuko herriaren izenean, Jesus Mari Mendinueta alkateak euskal makila eman zion. Jose Ramon Garinek euskal txapela jarri zioen, lakuntzar guztien izenean. Azkenik, Arruazuko herriaren izenean, Gorka Ovejerok herriko armarria zeraman zapia oparitu zion.Aurreskua dantzatu eta gero, Moirak esker oneko hitzak izan zituen bertan bildu ziren lagunendako eta jatorrizko herri honen berri eman zuen. Wall Mapu herria Euskal Herriarekin alderatu zuen eta bi estaturen menpe daudela azpimarratu zuen. "Gure lurra suntsitzen ari dira eta, bestalde, guk lur hau berreskuratzeko egiten dugun lana kriminalizatu egiten dute".Ekitaldiari amaiera emateko auzatea izan zen herriko plazan eta Moirarekin solas egiteko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Solasaldiak ondorengo bazkarian segida izan zuen eta Moira Millán zein sakandarrek festa egun polita igaro zuten.