Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
EgileaSorgiñak tabernatik pasatzen denak Ernesto Murillo Simonen, Simonidesen, 10 margolan ikusteko aukera izanen du. Ernestok berak azaldu digunez, guztiak azken 5 urteetan egindako tamaina ertaineko olioak dira. Simonidesek esan digunez, "orain batez ere margotu egiten dut. Enkarguren bat badut komikia egiten dut, baina buru belarri nabil margotzen". Ernestok esan digunez, "betidanik izan dut pintura gogoko. Baina komikian buru belarri sartu nintzen". Duela 10 urte, pixkanaka, pintura lanak egiten hasi zen eta gaur egun horretan murgilduta dago. Autodidakta, bere margolanek badute komikitik pixka bat. Ironia, absurdoa, bizitzaren aniztasuna, ingurukoa, barruko mamuak... guztiak bere modura islatzen ditu oihal zurian. Koloreak badira, baina baita tonu ilunak ere. Margolaria goizetik jartzen da mihisearen aurrean lanean. Berak azaldu digunez, lan prozesua telebista aurrean edo sortzen zaizkion ideiekin hasten da, "zirriborroak egiten, gero mihisera eramateko". Gertatu izan zaio, ordea, "zirriborroa tamaina txikian ongi gelditzea eta ez tamaina handian". Ernestok aitortu digunez, "Komikia itxiagoa da. Egile bakoitzak bere formulak ditu. Pinturan, berriz, askatasuna duzu. Zure kabuz edozein gauzaren atzetik, edo bila, ibil zaitezke". Bere lana maiatzaren 11ra arte izanen da ikusgai Lakuntzako Sorginak tabernan.