Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Taldeen arteko harremana sendotuOihane Uribeetxeberriak esan zuen Udaleko Kultur Batzordea herriko elkarte eta kultur taldeekin jarri zela harremanetan, zenbait hutsune antzeman eta horiek bideratzeko asmoz. "Alde batetik kultur taldeen, elkarteen eta kultur batzordearen arteko harremanetan nolabaiteko hutsunea zegoen. Orain arte herrian zeuden ekitaldiak gutxi ziren, eta gainera elkarte eta talde bakoitzak bere kabuz antolatzen zituen, sarritan prestatutakoa elkarte bakoitzaren barruan geratuz. Horregatik, denak bildu eta Kultur Batzordetik hilabete kulturala antolatzeko proposamenaren aurrean, horren beharra ikusi eta oso harrera ona egin diote" azaldu zuen Kultur zinegotziak. Kultur hilabetea antolatzerakoan taldeek proposamenak egin eta guztien artean adostu dute asteartean aurkeztu zuten egitaraua, Kultur Ille 08 izena hartu duena. Uribeetxeberriak nabarmendu du ekitaldiak ez direla toki batean zentralizatuko, baizik eta herriko elkarte guztietara eramanen direla. "Gazteak jubilatuen klubera joatea eta alderantziz, Haizea elkartekoak Lakuntzako Pertzara hurbiltzea da lortu nahi dena, elkartekideen arteko harremanak bulkatzea, norberaren elkarteak ez direnetara sartzeko dagoen nolabaiteko lotsa hori gainditzea, finean" adierazi zuen. Kultur eskaintza zabala da, adin eta gustu guztietara begira antolatua, eta horren berri emateko programa etxeetan banatuko da. Elkarteetako ordezkariek ekitaldietan parte hartzeko deia egin diete lakuntzarrei eta bisitariei. "Inportanteena partehartzea da, herritarrak inplikatzea" nabarmendu zuten. Kultur zinegotziak eskerrak eman zizkien elkarteei Kultur Ille antolatzeagatik, baita ikastaroetako ikasle eta irakasleei eta laguntza eman duten guztiei ere. Asteburuan: Esparza, txalaparta eta SaharaGaur, maiatzaren 9an, ostiralean, Jose Mari Esparza editorea Haizea Kultur Elkartera hurbilduko da, 20:00etan, berriki idatzi duen 100 razones por las que deje de ser español liburu arrakastatsua aurkezteko. Idazleak bere burua independentista deklaratzera eraman zituen arrazoiak izanen ditu hizpide. Bestalde, larunbatean, maiatzaren 10ean, txalaparta ikastaroa antolatu dute Biltoki elkartean, 11:00etatik 13:00etara. Bukatzeko, larunbatean bertan, 18:30ean, Sahara no se vende dokumentalaren proiekzioa hartuko du Lakuntzako udal bilkura aretoak. Dokumentalaren egile Joaquin Calderonek eta Luis Arellanok Sahararen egoerari buruz hitz egingo dute, filmaren nondik norakoak azaltzeaz gain. Dokumental honek zenbait sari jaso ditu, besteak beste, Saharako zine sozial jaialdian eta Chileko zinema jaialdian. Kultur Ille 08, laburreanMaiatzak 9, ostirala, 20:00etan, Haizea elkartean 100 razones por las que deje de ser español Jose Mari Esparza editorearen liburuaren aurkezpena eta hitzaldia. Maiatzak 10, larunbata, 11:00etatik 13:00etara, Biltoki gazte elkartean txalaparta ikastaroa. Maiatzak 10, larunbata, 18:30ean, udaletxean, Sahara no se vende dokumentalaren proiekzioa. Joaquin Calderon eta Luis Arellano egileekin Saharari buruzko tertulia. Maiatzak 16, ostirala, 18:00etan, udal liburutegiaren estreinaldia, Patricia Eneritz ipuin kontalariarekin: Hotz ala bero, ipuinak egunero. Maiatzak 17, larunbata, Lakuntzen Euskias egune. 17:30ean kafe tertulia, "Euskara eta Lakuntza". 19:30ean bertso poteoa. Haizea elkartean kantuak ikastera biltzen direnak kalera aterako dira. Ondoren auzatea. 22:00etan bertso afaria Lakuntzako Pertza elkartean, Xabier Paia, Xabier Silveira eta Erika Lagoma bertsolariekin. Maiatzak 23, ostirala, 20:00etan, Gure Nahia jubilatuen klubean Desafectos, esclavos de Franco en el Pirineo dokumentalaren proiekzioa. Ondoren, hitzaldia Memoriaren Bideak kolektiboaren kide batekin. Maiatzak 24 eta 25, udaletxean, pintura, lentzeria eta eskulanetako ikasleen lanen erakusketa. Larunbatean, 18:00etatik 20:30era eta igandean, 12:00etatik 14:30era eta 18:00etatik 20:00etara. Maiatzak 25, Korpus Eguna. Egunean barna Kaleko V. Pintura Lehiaketa. Eguerdian, prozesioaren ondoren, auzatea eta zaharberritutako pikota eta iturriaren mustutzea, ikurriñaren igoerarekin. 19:30ean Alkate Dantza, plazan, eta ondoren auzatea. 19:00etatik 22:30era, dantzaldia Naima taldearekin. Maiatzak 30ean eta 31n: Biltokiko historiari buruzko argazki erakusketa. Maiatzak 30, ostirala, 20:00etan, Lakuntzako Pertza elkartean Africa, el continente olvidado hitzaldia, Javier Usoz eta Ramon Arozenaren esku. Maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean: Pintxo lehiaketa herriko tabernetan.Dastatu eta baloratu! Ekainak 1, igandea, 18:00etan, plazan Kanpanoue: berbena 1 baino gehio antzezlana, Eidabe taldearekin.