Lakuntzako Udal liburutegiak ateak zabalduko ditu

Guaixe 2008ko maiatzaren 16a

Bestalde, larunbatean antolatutako Sahara no se vende dokumentalaren proiekzioa atzeratu behar izan zen, egileak, Joaquin Calderon eta Luis Arellano, Madrilera joan behar izan zirelako filmarekin lotutako tramiteren bat egitera. Oraindik zehaztu ez den datan eskainiko da aipatu lana. Horren ordez Morgan Spurlocken Super Size me filma izan zen ikusgai. Gainera, txalaparta ikastaroa izan zen Biltokin. Asteburu honetan, lehenik eta behin, udal liburutegiaren estreinaldia eginen da. Jakina denez, Lakuntzako liburutegia itxita egon da luzez. Oihane Uribeetxeberria kultur zinegotziak azaldu duenez, liburutegian ez zegoen berogailurik eta gela txikia zen, iluna. "Egoera horretan ezin zen liburutegia zabaldu eta horregatik toki berria prestatu dugu, Udalean bertan, bigarren solairuan, lehen yoga ikastaroa ematen zen gelan. Espazioa handitzeko pareta bat bota genuen eta eremu polita geratu da, bi txokorekin eta berogailuarekin. Lan guztiak udal langileek eta herritarrek egin dituzte, borondatezko auzolanetan" esplikatu du zinegotziak. WIFI zerbitzua, dohainLiburutegia 16:00etatik 20:00etara izanen da zabalik. Hautaketa prozesua egin ondoren, Irantzu Erdozia izanen da liburuzaina. 2.500 liburu inguru daude liburutegian, eta horiek maileguan emateaz gain, liburutegian kontsultak egin ahal izango dira eta toki aproposa izanen da ikasteko, besteak beste. Gainera, internet sarbidea duten bi ordenagailu erabiltzeko aukera dago, eta horretaz gain WIFI zerbitzua eskaintzen du liburutegiak; hau da, eskuko ordenagailua liburutegira eramanda internetera konektatu daiteke edozein, dohain. Liburutegia ekainaren 27ra arte egonen da zabalik eta oporretan itxi eginen da, irailera arte. Liburutegiaren irekiera ospatzeko Patricia Eneritz ipuin kontalariaren emanaldia izanen da gaur, maiatzaren 16an, ostiralean, 18:00etan udal liburutegian bertan. Hotz ala bero, ipuinak egunero izenburupean gerturatzen diren haur eta gurasoek mundu fantastiko ederrean murgiltzeko aukera izanen dute. Lakuntzen Euskias eguneKultur Ille ekitaldien barruan larunbatean, maiatzaren 17an, Lakuntzen Euskias egune antolatu dute, hausnarketa eta festa eguna. 17:30ean "Euskara eta Lakuntza" gaia hartuta kafe tertulia prestatu dute, eguraldi ona egiten badu plazan eta bestela udaletxean. "Herriko elkarte, talde eta koadrilei gonbidapena bidali zaie, eta guztien artean herrian euskarak duen egoera zein den ikusi eta horri buruzko hausnarketa egin nahi dugu, egoera hobetzeko zer egin daitekeen aztertzeko" azaldu zuten aurkezpenean. Ondoren, 19:30ean bertso poteoa antolatu dute, eta Haizea elkartean asteazkenero euskal kantak ikasi eta kantatzera biltzen diren lakuntzarrak kalera aterako dira, kantuan, eta auzatea izanen da. Haizeako kantariakIzan ere arrakasta handia izan du Haizea elkarteko ekimen honek. Helburua betiko euskal kantuak kantatzeko ohitura berreskuratzea da. "Kantatzeko ohitura galtzen hasia da eta kanta asko galtzear daude. Kantu horiek eta kantatzeko grina hori berreskuratzeko asteazkenero biltzea bururatu zitzaigun eta horrela hasi zen dena. Jendea animatzeko kartelak jarri genituen. Edor eta Xabier dira taldearen ardura dutenak, eta akordeoia eta gitarraz lagundurik gustura ibiltzen gara kantuan" diote Haizeako kideek. Hasieran 20 lagun inguru biltzen hasi ziren, baina astetik astera gora egin du kopuruak eta adin guztietako 40 pertsona biltzera ailegatu dira. Larunbatean kalera aterako dira, txokoak eta poteoa girotzeko asmoz. Paia, Silveira eta LagomaLarunbata primeran bukatzeko 22:00etan bertso afaria antolatu da Lakuntzako Pertza elkartean. Mahai ondoan, kafe eta kopekin batera, Xabier Paia, Xabier Silveira eta Erika Lagoma bertsolari finak ariko dira kantuan.