Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bestalde, Lakuntzako herriak Gerra Zibilekoan fusilatu zuten lakuntzarra, Lazaro Alegria Lazkarai, gogoan izan nahi du. Omenaldia eginen zaio, 20:00etan, Oroimenaren Autobusaren parean. Ekitaldian Lazaro Alegriaren senitartekoek hartuko dute hitza eta, horretaz gain, Iruñetik etorritako anarkista batek garai artako anarkismoa izanen du hizpide, Lazaro Alegria anarkista baitzen. Lazaro Alegria Lazkarai Laxkarrin etxekoa zen, arotza. Francoren estatu kolpearen ondorengo egun nahasi haietan atxilotu zuten eta Etxarri Aranazko kuartelera eraman zuten. Han gogor kolpatua izan zen. Beste 5 atxilotu sakandarrekin batera Atondora eraman eta han fusilatu zituzten. Nonbait, gorpuak ibaira bota nahi zituzten baina bertako apaizak ez zuen utzi, eta inguru haietan lurperatu zituzten. 1979. urtean Laxkarrin etxekoak, beste fusilatutakoen familiekin batera gorpuak berreskuratzeko lanetan murgildu ziren. Gorpuak aurkitu eta heriotza-ziurtagiria lortu ostean Lakuntzako hilerrira ekarri zuten Lazaroren gorpua. Lakuntzako apaiz Eugenio Ulaiarrek laguntza handia eman zien. Ordutik bertan dago hobiratua Lazaro, bere hilobian anarkismoaren A handi bat duela.