Bil-Tokiko argazkiak, Afrika eta Pintxo lehiaketa

Guaixe 2008ko maiatzaren 30a

Bil-Toki gazte elkartea elizaren atzealdean kokatua dago, eta koadrila eta belaunaldi askoren topalekua izan da. Elkarteak badauzka hamaika urte, urte asko, mordoa, eta egun aspaldidanik guraso diren lakuntzar helduak ere gazte zirenean bertatik pasa ziren. Bil-Tokiko historia eta bertatik pasa izan diren belaunaldiak gogoratu nahian, argazki erakusketa izanen da gaur eta bihar Lakuntzako plazan. Horretarako egun Bil-Tokin dabiltzan gazteak bertatik pasa direnengana jo dute, koadrilengana, gazte txokoan ateratako argazkiak jaso eta ikusgai jartzeko. Erakusketa despeditzerakoan haien jabeei bueltatuko dizkiete. HitzaldiaKultur Illeren barruan, gaur, ostiralean, maiatzaren 30ean, Africa, el continente olvidado izenburupean hitzaldia eskainiko dute Javier Usoz eta Ramon Arozenak. Ekialdia Lakuntzako Pertza Elkarteak hartuko du, 20:00etan. Arazoz betetako kontinente "ahaztu" eta eder hori gertutik ezagutzen dutenek herrialde horren beste ikuspegi bat emanen dute. Aldiz, larunbata eta igandean, maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean, pintxo lehiaketa antolatu da herriko tabernetan. Herriko tabernek ondoko pintxoak aurkeztuko dituzte: Arregi tabernak itxeko odolkiye eta itxeko txistorra goxue; Lagun Arteak tartaletak makailu eran eta patata, galeper-arraultzarekin egindako pistoz betea; Sorginak tabernak porru txerri, itxeko odolkiye barazki kremarekin eta kuiatxo tortila azenario mermeladarekin; eta Tximonena tabernak makailua perretxiko saltsarekin eta txahal masaila babazko aparrarekin. Herritarrek euren iritzia eta balorazioa emateko aukera izango dute, eta horrela, pintxo onena zein den aukeratuko da. Lakuntzan halako ekimena antolatzen den lehen aldia da honakoa, eta ikusi beharko da ea zein erantzun izaten duen.