V. Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketan izena ematea zabalik

Guaixe 2008ko ekainaren 5a

Lakuntzako Zabalarte Klubak antolatuta, hurrengo igandean, ekainaren 15ean, 9:30ean abiatuko da V. Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa. Aurten ez da Euskal Herriko Koparako baliagarria izanen.Mendi korrikalariek Aralar parkean barna 28,5 km-ko proba dute aurrean, eta guztira, 2.308 metroko desnibela. Zailtasun mailari dagokionez, ertaina da. Lakuntzatik abiatuko da, Guardetxeraino (1035 m) -Guardetxera heldu baino lehen antzinako galtzadatik pasako dira-. Albia eta Mugardi pasata Belokiren lepoa hartuko du ibilbideak (1205 m.), hortik zuzen-zuzen Unako putzua pasaz eta Irumugarrietako tontorrera helduz (1431 m.). Bertan buelta hartu eta jaitsiera hasiko da, Errenaga (1298 m.) eta Pagomaritik (1140 m.) barna Lakuntzara Sandindegitik (540 m.) helduz. Antolakuntzak bost hornidura gune jarriko ditu korrikalarien eskura.Izena ematea, web orrian Izena ematea www.lakuntza-aralar.com web orrian egin behar da, ekainaren 8a baino lehen. Momentuz 180 mendi korrikalari baino gehiagok eman dute izena. Mendi lasterketa horretan parte hartzeko ez da derrigorrezkoa federatua egotea. Federatua daudenek 13 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez daudenek 16 euro. Parte hartzaile guztiek kamiseta eta diploma jasoko dute, eta kategoria bakoitzeko irabazleendako sari potoloak izanen dira. Bukaeran, ohikoa denez, masajeak hartzeko aukera izanen da. Informazio gehiago www.lakuntza-aralar.com webgunean edo 626 733 130 telefonoan (Josu) jaso daiteke.