Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntzako igerilekuetan beirateez itxitako bi gune daude: taberna pareko gune txikia, behean, eta igerilekuetako goiko terraza handian itxitako eremua, egun dantza, aerobic, soinketa eta beste ekitaldietarako erabiltzen dena. Bada, bi eremu horiek erabili ziren jaialdirako.Antolatzaileek guztia primeran girotu zuten. Zorua kolore biziko moketaz estali zuten. Behealdean sofak eta giroa lasaitzeko elementuak jarri zituzten. Goiko aretoa, aldiz, kolore biziz dekoratuta zegoen. Egunean barna hainbat artistek utzitako lanak izan ziren ikusgai: Sole Artolaren margolanak, Jokin Kaleren koadroak, Felix Arregiren argazkiak, Alfredo Garcia, Joxean Maiza, Manolita Thunders eta Imanolen eskulturak, besteak beste. Jendea poliki bildu zen erakusketara, eta oso ongi prestatua zegoela entzun zitekeen nonahi. Gainera, beheko taberna zabaldu eta goian ere barra jarri zuten, eta artelanak gertutik ikusteaz gain pote bat ere hartu zitekeen lasai. Arratsalde eta gau partean DJ-en txanda heldu zen. Egunean barna musika lasaia entzuteko aukera izan zen, baina gauean doinu dantzagarriak izan ziren nagusi, batez ere goiko eremuan. Behean, giroa lasaiagoa zen. Besteak beste DJ Juanillo, DJ Monica Elektra, DJ Nacho, DJ Juanrra, DJ Anaklet, DJ Sevi, DJ Kike, DJ Aiert, DJ Betelu eta DJ Kale aritu ziren musika jartzen, bakoitza bere estiloan. Musika doinuak jarraituz, Helena Santano artistak koadro handia margotu zuen zuzenean, eta Burlatako Zirku Eskolako kideek emanaldi ederra egin zuten, sabaitik zintzilikaturik musikari jarraiki mugimendu trebeak eginez. Gero, goizaldera arte luzatu zen dantzaldia eta parranda. Antolatzaileak pozik daude eta ez dute baztertzen artea, kultura eta musika elektronikoa batuko dituen beste jaialdi bat antolatzea. Momentuz, igerilekuei bere ohiko itxura eman eta guztia garbitzeko lanetan daude.