Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
20:00etarako AHTren kontrako elkarretaratzea zuten deituta plazan, baina ezin izan zuten euren egitasmoa bere osotasunean bete. Ordu horretarako Guardia Zibilaren zazpi auto Abarrategi kalean aparkatuta zeuden, eta gazteak plazan bildu eta AHT-ren kontrako pankarta zabaldu bezain listo eurengana hurbildu ziren Guardia Zibilak, pankarta kentzeko aginduz. Plaza eta tabernetako terrazak jendez gainezka zeuden ordu horretan, eta jendea harrituta zegoen Guardia Zibilen presentzia eta zeukaten jarrerarekin. Nolanahi ere, gazteek pankarta bildu eta handik gutxira joan ziren Guardia Zibilak. Ez zen istilurik izan. Gazteen festak aurrera jarraitu zuen eta musika lagun, AHTren kontrako pankartarekin aritu ziren poteatzen. Gauean kontzertuak eta ordu txikira arteko jai giroa izan zuten.