Herritarren bozek aukeratuko dute festen kartel iragarlea

Guaixe 2008ko uztailaren 8a

Lehiaketan interesa duten artistek "Lakuntzako festekin erlazionatzen den kartel bat" egin beharko dute. Lanek, gehienez ere, 48 cm zabal eta 70 cm-ko altuera izan beharko dute. Beharrezkoa izanen da Lakuntzako jaiak 2008 abuztuak 23-28 leloa gehitzea. Lanak udaletxean hilaren 18rako aurkeztu beharko dira, eta plika sistema erabiliko da. Jasotako lanak hilaren 21etik 31ra ikusgai izanen dira. Lakuntzarrek egun horietan haien gogoko diren kartelen alde boza emateko aukera izanen dute. Kontu zenbaketa garilaren 31n eginen da. Hiru maila ditu lehiaketak eta bakoitzean sari bana banatuko du Jai Batzordeak: 10 urte bitartekoen mailan pintura materiala; 11 eta 16 urte artekoen mailan kirol materiala erosteko 70 euroko txartela eta, azkenik, 16 urtetik gorakoen artean 250 euroko saria izanen da.