Goiko postuetan egon nahi du Lakuntzako Lagun Arteak hastera doan denboraldian

Guaixe 2008ko irailaren 12a

Asteburuan hasiko da Preferente mailako liga eta talde sakandar bakarra izanen dugu: Lakuntzako Lagun Artea. Iaz denboraldi bikaina egin zuten lakuntzarrek, eta igoera ligaxkatik puntu eskas batera geratu zen. Ligako txapelduna Lagunak izan zen (64 puntu), bigarrena San Cristobal (54 puntu), hirugarrena Gares (53 puntu), eta laugarrena Lagun Artea, (52 puntu). Ezberdintasuna ñimiñoa izan zen. Lehentasuna: eskualdeko jokalariakDenboraldi berria hasteko ilusioz beteta dago taldea, eta helburua ahalik eta lan txukunena egitea eta goiko postuetan ibiltzea da. Lagun Arteako presidente Santiago Mendietak azaldu duenez, iazko taldetik futbolari dezentek jarraitzen dute, gehienak atzelariak - Imaz, Arraiza, Betelu, Xabi Bakaikoa, Herna, Senar, Izkieta, Medina, Palomo, Davila, Erbiti, Bengoetxea, Mutiloa...- baina taldekide gazte berri asko daude aurten: Garcia eta Leon atezainak; Pires defentsa; Sala, Beraza, Apilanez eta Benito erdilariak; eta Montoya, Gabari, Gasco, Fernandez, Mendieta, Mutiloa eta Katarain aurrelariak. "Eskualdeko eta gertuko jokalariak bilatzea izan da gure lehentasuna eta lortu dugu. Soilik hiru dira Agoitz eta Iruñekoak; gainontzekoak sakandarrak eta Udabe, Urritza eta Arruitzekoak ditugu" dio presidenteak. "Hirugarren mailara igotzea? Aukerak badaude gogor saiatuko gara, baina ez dugu helburu horretara bideratutako taldea sortu; hau da, ez gara jokalari onenen bila joan, ingurunekoekin taldea sortzera baizik" gaineratu du. Aurtengo Lagun Artea talde gaztea da. Jokalari gazteenek 19 urte izango dituzte, eta beteranoenek 31 inguru. Jose Antonio Claver entrenatzaile altsasuarrari laguntzen Joseba Bakaikua jokalari ohi lakuntzarra izanen da, eta azken urteetan bezala Jesus Mari Zabartek entrenamenduen eta materialaren ardura izanen du. Kontentu daude futbolarien jarrerarekin. "Entrenamenduetara etortzeko arduratsuak dira. Itxesalde zelaian entrenatzen dugu, astearte, ostegun eta ostiraletan, 19:30etik 21:30era, baina abuztuan lau eta bost egun aritu izan gara lanean" diote. Taldekideen artean oso giro ona dago, eta afari eta meriendak ez dira falta izaten. Esaterako, zazpi puntu gehitzen dituzten bakoitzean afariak egiten dituzte Lakuntzako Pertza elkartean. San Cristobal, lehen etsaiaLagun Arteako etxeko partidak Zelai Berri zelaian jokatuko dira, igandetan. Zelaia primerako egoeran dago, eta horretan zerikusi handia du zuzendaritzako kideen lanak, Andueza eta Arraizarena bereziki. Ilusioz hasiko da taldea, baina arerio latzak izanen ditu. Lakuntzako taldeak Preferente mailako lehen multzoan jokatuko du, beste 15 talderekin batera. Arerioak oso latzak omen dira. "Talde onenak? Guztiak, baina esaterako Amigok oso talde ona du, eta Pamplonak ere; Baztangoak mailaz igo berri dira eta gogotsu daude, eta San Cristobalek igoera fasea jokatu zuen aurreko denboraldian. Lagun Arteak ere talde ona du" zehazten du presidenteak. Lagun Arteak etxean jokatuko du lehen partida, igandean, Zelai Berrin, 17:00etan, San Cristobal arerio latzarekin. Bi talde sendoren arteko lehia izango da, eta espero dezagun hiru puntuak etxean geratzea. AurrekontuaDenboraldirako 30.000 euro pasako aurrekontua du Lagun Arteak. Bazkideen kuotak, Sakana Fundizioak eta gainontzeko babesleak emandako laguntzak, eta udalaren babesa ezinbestekoak dira horretarako, eta partidak etxean jokatzen direnean taberna gestionatu eta urdaiazpikoa zozketatzen du zuzendaritzak. "Zaila izaten da aurrekontua ixtea, baina guztien artean lortzen dugu" dio lehendakariak, zaleen babesa eskertuz. "Aurten ere taldea animatzera etortzera animatzen ditugu. Momentu oso onak izango ditugu eta beste konplikatuago batzuk, baina euren babesa ezinbestekoa da" nabarmentzen du Mendietak. Bestalde, Itxesalden entrenatzen ibiltzen diren behe kategoriako taldeak laguntzeko nahia azaldu du Lagun Arteak, bertatik etorkizuneko jokalariak aterako baitira. LAGUN ARTEA 2008-2009JokalariakAtezainak: Gorka Imaz (Lakuntza), Dani Garcia (Iruñea, gurasoak Irurtzungoak) eta Javi Leon (Iruñea).Atzelariak: Iosu Arraiza (Lakuntza), Adrian Betelu (Urritza), Xabi Bakaikoa (Lakuntza), Oskar Herna (Irurtzun), Iraitz Senar (Lakuntza), Fermin Izkieta (Egiarreta) eta Oskar Pires (Olazti).Erdilariak: Jonathan Medina (Altsasu), Iñigo Palomo (Altsasu), Jokin Sala (Udabe), Jonathan Davila (Altsasu), Patxi Beraza (Lakuntza), Ruben Erbiti (Egiarreta), Apilanez (Agoitz) eta Benito (Uharte). Aurrelariak: Gabari (Arruitz), Arkaitz Gasco (Altsasu), D. Fernandez (Altsasu), I. Bengoetxea (Altsasu), Ion Mendieta (Uharte), David Mutiloa (Irurtzun), Beñat Katarain (Lakuntza) eta Joseba Montoya (Altsasu). TeknikariakJose Antonio Claver (entrenatzailea), Joseba Bakaikoa (laguntzailea) eta Jesus Mari Zabarte (materiala eta entrenamenduak).ZuzendaritzaSantiago Mendieta (presidentea), Carlos Ruiz de Erentxun (presidente ordea), Migel Angel Areta (idazkaria), Jose Mari Lanz (diruzaina), Javier Andueza, Jesus Arraiza, Xabi Betelu, Eugenio Ziria, Jesus Mari Goikoetxea, Juan Ignacio Mendieta eta Jesus Mari Zabarte.