Bi penaltyei esker hiru puntuak Lakuntzan

Guaixe 2008ko irailaren 29a

Partida nahiko aspergarria izan zen Lakuntzako Zelai Berrin atzo jokatutakoa. Lagun Artea eta aurten mailaz igo den Baztan izan ziren lehiatu zirenak, eta agerian gelditu zen lan asko egin beharko dutela bi taldeek sailkapeneko lehen postuetan egon nahi badute. Lehen zatia despeditzear zegoenean Baztango Ioritzen gola heldu zen, urrutitik sartutakoa. Jakina, bigarren zatian lakuntzarrak markagailuari buelta ematera atera ziren eta lortu zuten. Aipatu beharra da bi penaltyei esker lortu zuela Lakuntzako taldeak garaipena, bata 74. minutuan eta bestea 87.ean. Lagun Arteako Davilak sartu zituen bi golak, garaipena eta hiru puntuak etxean utzi zituztenak. Preferente mailako liderra Amigo taldea da, 7 punturekin. Lagun Artea laugarrena da, 6 punturekin. Igandean sailkapenean 15.a den Cantolagua taldearen kontra ariko da Lakuntzako taldea, Zangozan.