Larunbatean Lakuntzako Udalak onartutako idatzian jasotzen denez, "PSOEren gobernuaren estrategiak euskal independentismoa errepresioaren eta indarraren bidez desagertaraztea du helburu". Testu inguru horretan kokatzen ditu, besteak beste, azken aldian epaitegiek hartutako erabakiak. Euskal Herrian "demokrazia falta" dagoela salatu zuten. EbazpenaHoriek horrela Lakuntzako Udalak onartu zuen mozioan udalak "aldarrikatzen du indar politiko guztiek Euskal Herriko bizitza politiko, sozial eta kulturalean berdintasunean parte hartzeko eskubidea". Horrekin batera, legez kanporatzeak "euskal herritarren eta Euskal Herriaren eskubideen aurkako eraso bortitzat" du. Lakuntzako Udalarendako legez kanporatzeak "normaltasun politikotik urrundu eta gatazka politikoa aregotzen duela" adierazi du. Halako epai, lege eta erabakiei udalak "inolako zilegitasunik ez die aitortzen". Aldi berean, udalak "ezker abertzalearen parte hartze politiko osoa ziurtatu ahal izateko konpromisoak" hartuko dituela erabaki zuen. Horrekin batera udalak "Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko eskubidea ahalbidetuko duen marko demokratikoaren alde lan egiteko konpromisoa" hartu du. Juan Ramon Garin alkateak azaldu zuen herriak lan egiteko hautatu zituztela eta hala egiten jarraituko dutela. "Jendea galdezka etorri zait ea zer gertatuko ote den. Entzuten omen da ere diru laguntzetatik kanpo geratuko dela Lakuntza. Hori ez da egia. Guk lanean jarraituko dugu eta Nafarroako Gobernuarekin ditugun bilerek ere aurrera jarraitzen dute. Batak ez du zerikusirik bestearekin" nabarmendu zuen alkateak. BilkuraLakuntzako Udalak lakuntzarrak deitu ditu ostiralean, urriaren 3an, 20:00etan, herriko plazan eginen den bilkuran parte hartzeko. "Herriaren alde lan egin nahi dugu eskubide guztiekin. Salbuespen egoerari stop!" leloa izanen du elkarretaratzeak. "Azken hauteskundeetan lakuntzar gehiengoak, alde handiarekin gu aukeratu gintuen herria ordezkatzeko. Orain, inoiz baino gehiago, herriaren babesa behar dugu" esan zuten zinegotziek. Herriko talde eta erakunde guztiekin biltzen ari da udala, egoeraren berri emateko. "Udalera etortzen den jende hori hartu eta atenditzen dugu, gure betebeharra delako, eta gustatuko litzaiguke ere oraingo honetan taldeek gure bilkura deia onartzea" azaldu zuten. Izan ere, Lakuntzako Udalak azpimarratu zuenez, "EAE-ANV legeztatzea ez doa soilik gure kontra, Lakuntzako herri guztiaren kontra baizik".