Mustu dituzte eskolako lanak

Guaixe 2008ko urriaren 2a

Ekitaldian 5. eta 6. mailako ikasleek bertso batzuk kantatu zituzten eta esker oneko hitzak izan zituzten bertaratutakoendako: "Zuek egindako lana, zen beharrezkoa, orain izan nahi dugu esker onekoak", "Zuen aurrean dago, herri honen geroa, gero bildu dezagun uzta oparoa". Eraikuntza enpresako ordezkari, arkitekto eta Lakuntzako Udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek gogo onez entzun zituzten haurren hitzak. Era berean, Lakuntzako alkate Jose Ramon Garinek irakasle, ikasle eta gurasoei eskerrak eman zizkien izan duten pazientziarengatik; baita Hiru Mendi eraikuntza enpresari ere, lanak aurreikusitako epean egiteagatik. Egindako lanei esker, 20 neska-mutil gelditzen dira bazkaltzera jantoki berrian. Jantokia irailaren 10az geroztik dago zabalik. Guztira 94 ikasle daude ikastetxean eta 14 irakasle. Egun Ane Miren Iruretagoiena da eskolako zuzendaria. Lakuntzako eskola 1958. urtean eraiki zuten, orain 50 urte; hori dela eta ikasturtean barrena baliteke zenbait ekitaldi antolatzea urteurrena ospatzeko. Lakuntzako Udalak lanen aurrekontuaren %35a hartu du bere gain baita proiektuaren erredakzioa eta obraren zuzendaritza. Nafarroako Gobernuak, berriz, lanen aurrekontuaren %65a. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko bi ordezkari hurbildu ziren Lakuntzara: Javier Arricivita, mantentze-lanetarako sailaren zuzendaria eta Jose Ramon Lasanta teknikoa.