Partida aspergarria baina hiru puntuak Lakuntzan

Guaixe 2008ko urriaren 13a

Eguraldi bikaina zegoen igandean eta Lakuntzako Zelai Berriko zelaia primerako egoeran futbolean aritzeko baina herriko taldeak eta Iruñeko San Ignaciok partida oso aspergarria eskaini zuten; apenas egon zen jokaldi interesgarririk. 22. minuturako Lakuntzako taldea aurreratu egin zen, Suberok sartutako golari esker. Subero izan zen, akaso, partidako jokalaririk onena. Baina bost minutura berdindu egin zuen San Ignaciok, Joaquinek borobildutako jokaldiarekin. Bigarren zatian irabazteko asmoz atera ziren bi taldeak, eta 63. minutuan Patxi Berazak garaipenaren gola lortu zuen Lagun Artearendako. Gol ederra sartu zuen Lakuntzako taldeko aurrelariak. Eta horrela despeditu zen lehia. Pamplona taldea da Preferente mailako lehen multzoko liderra, 13 punturekin. Lagun Artea seigarren tokian dago, 9 punturekin. Larunbatean lehia konplikatua dauka Lakuntzako taldeak Ezkabarten, Avance taldearen kontra. Avance Lagun Artearen azpian dago kokatuta, zazpigarren postuan hain juxtu, 6 punturekin. Hortaz, puntuak batu eta sailkapenean beherago dauden taldeekin tartea ateratzeko primerako aukera dauka Lakuntzako taldeak. Hori bai, jokoa hobetu beharko du.