Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntzako Zabalarte kluba lan eta lan ari da urriaren 26an 12:30ean jokatuko den Lakuntzako XII. Herri Lasterketa prestatzeko. Herrian barna 2,5 km-ko zirkuitua prestatuko dute eta korrikalariek 4 buelta eman beharko dizkiote, guztira 10 km osatuz. Lakuntzako lasterketa eskualdeko korrikalari guztien egutegian markatua dago eta oso egokia da aurki jokatuko den Behobia-Donostia proba entzutetsua prestatzeko. Proba nagusia baino lehen aurrebenjaminetatik hasita kadete mailara bitarteko lasterketak jokatuko dira 10:30etik hasita, kategoria txikikoak. Iaz 320 korrikalarik parte hartu zuten guztira, 156 proba nagusian eta gainontzekoak behe mailako kategorietan. Antonio Etxeberria gizonetan eta Ana Casares emakumeetan egin ziren txapelekin, eta lehen sakandarra Antton Zelaia izan zen. Urriaren 26ko lasterketan parte hartu ahal izateko izena ematea zabalik dago. Horretarako Zabalarte klub antolatzailearen web gunera jo behar da - www.lakuntza-aralar.com - eta inskripzio orria bete. Urriaren 24a da izena emateko azken eguna. Senior eta beteranoek 5 euro ordaindu beharko dituzte Euskadiko Kutxako hurrengo kontu korrontean: 30350117311170005910. Informazio gehiagorako 948 464 866 (Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzua) edo 626 733 130 (Iosu) telefonoetara jo daiteke. Dortsalak urriaren 26an lasterketa baino lehen edo urriaren 25ean arratsaldez jaso ahal izango dira. Sari ederrak banatuko ditu Zabalarte klubak.