Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean partida gogorra eta lehiatua jokatu zuten Arren Avance Ezbartek eta Lakuntzako Lagun Arteak. Avancek gidatu zuen partida eta gol aukera asko izan zituen, baina ez zuen jakin horiek aprobetxatzen 40 minutura arte, Arturok etxekoen lehen gola egin arte. Atsedenaldiaren bueltan joera berbera izan zuen partidak eta Lagun Arteak norgehiagoka berdintzeko aukera argia izan zuen, baina lakuntzarrek ez zuten asmatu. 85. minutuan Avanceko Arriazu jokalariak bigarren gola sartu zuen eta horrela despeditu zen partida. Preferente mailako liderra Pamplona taldea da, 16 punturekin. Galdu eta gero Lagun Artea 7.a da, 9 punturekin. Igandean etxean jokatuko du Lagun Artean, Zelai Berrin, Gares taldearen kontra. Gares sailkapenean bosgarrena da eta 10 puntu ditu, lakuntzarrek baino bat gehiago. Beraz, puntuak pilatzeko eta sailkapenean aurreratzeko partida garrantzitsua da Lagun Artearendako. Ea lakuntzarrek garaipena lortzen duten.