Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Datorren igandean korrikalarien bilgune izanen da Lakuntza. Zabalarte Klubak antolatuta, XII. Herri Lasterketa jokatuko da bertan, Sakanako Atletismo Koparako baliagarria. 10:30ean kategoria txikienendako probekin hasi eta 12:30ean izanen da proba nagusia, Lakuntzako kaleetan barna. Behobia-Donostia probaren gertutasunak, urtez urte indarra eman dio Lakuntzako lasterketari. 130 korrikalari izan ziren iaz eta antolatzaileek ez dute gutxiago espero dute 12. edizio honetarako. 10 kilometroHori da senior eta beteranoek proba nagusian gainditu beharko duten distantzia. 12:30ean emanen diote hasiera ibilbideari udaletxetik eta, 4 itzuli emanen dizkiote Lakuntzako kaleak zeharkatuko dituen 2.500 metroko zirkuituari, lasterketa plazan amaitzeko. Herri barruko ibilbidea izanen da, oztopo handirik gabea. Zabalarte elkarteak sari potoloak ditu lehen hiru gizon eta emakumeendako: 200 € eta trofeoa jasoko dute irabazleek, 100 € eta trofeoa bigarrenek eta 70 € eta trofeoa hirugarrenek. Senior nahiz beterano, kategoria bakoitzeko lehenengo eta bigarrenarendako ere trofeoa egonen da. Azkenik, herriko lehenak eta Sakanako lehenak ere trofeo ederra jasoko dute. Sakanako Atletismo Kopa bide erdianLakuntzako Herri Lasterketa baliagarria da Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eta Dantzaleku atletismo taldeak antolatutako IV. Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sarirako. Beraz, trofeoarengatik ez ezik, Sakanako Atletismo Koparako puntuak lortzeko ere lehia izanen dute sakandarrek igandean. Lehenengo 10 neska eta mutilek hartuko dituzte puntuak. Koparako puntuagarriak diren bost probatik hirugarrena izanen da Lakuntzakoa. Orain arteko lasterketetan, Iturmendiko Aitzkozar krosean eta Ergoienako biran pilatutako puntuei esker, Francisco Javier Gomez altsasuarra da oraingoz lehena, 19 punturekin. Haren atzetik daude, hurrenez hurren, Antton Zelaia urdiaindarra, 17 punturekin eta Juantxo Arregi altsasuarra, 13 punturekin. Lakuntzako lasterketak Sakanako VII. Herri Lasterketari eta Altsasuko San Silbestre probari eginen die lekua. Azaroaren 16an izanen da horietan lehena eta abenduaren 31n azken proba. Azken egunera arte itxaron gabe, puntuak batzeko aukera ona dute sakandarrek igandean. Adin txikikoakTxikienak 5 maila ezberdinetan arituko dira, beti ere, gizon eta emakumeak bereiztuta. Emakumezko aurrebenjaminak izanen dira Lakuntzako kaleak zeharkatzen lehenak. 10:30ean hasita, 400 metroko ibilia eginen dute. 5 minutu geroago emanen diote hasiera ibilbide berari gizonezkoek. 10:40an, emakumezko benjaminen txanda izanen da eta, jarraian, 10:45ean, gizonezkoak aterako dira. Biek ere, 600 metroko bidea gainditu beharko dute. 10:50ean, emakume kimuen txanda izanen da eta haien ondoren, 10:55ean aterako dira gizonezkoak. 800 metroko lasterraldia izanen dute biek. 11:00etan, 1.200 metro egin beharko dituzte haur kategoriako emakumeek. 11:05ean, berriz, maila bereko gizonezkoek 2.000 metro gainditu beharko dute. Adin txikikoekin amaitzeko, 11:35etan abiatuta, emakumezko kadeteek 1.600 metroko ibilbidea izanen dute, eta gizonezkoek, 11:55ean abiatuta, 2.400 metroko ibilbidea gainditu beharko dute. Kategoria bakoitzak irteera puntu propioa edukiko du, baina guztiek herriko plazan izanen dute helmuga. Kategoria denetan trofeoa jasoko du korrikalari finenak eta domina bana bigarrenak eta hirugarrenak. Izen-emateaKorrikalariek bi aukera dituzte herri lasterketan izena emateko: www.lakuntza-aralar.com orrira jo dezakete edo Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzura (948 464 866 telefonoa). Igandean bertan izena emateko aukera ere egonen da. Senior eta beteranoek 5 €-ko kuota ordaindu beharko dute izena emateko. Informazio gehiago behar duenak, 626 733 130 telefonora edo txemine@telefonica.net helbidera jo dezake argibide eske.