Lan ona eginda, txapeldunordea da Etxeberria lakuntzarra

Guaixe 2008ko azaroaren 10a

Igande eguerdian jokatu zen 22 urtez azpiko afizionatuen Nafarroako Buruz Buruko txapelketaren finala. Aurrez aurre, txapelketan bikain aritu diren bi pilotari: San Migel taldean dabilen Lizarrako Arkaitz Peñas eta Irurtzungo taldean jokatzen duen Aitor Etxeberria lakuntzarra. Bi pilotariak pareko hasi ziren: pilotariek sentsazio onak zituzten eta ez zegoen dominatzaile argirik. Baina Peñasek une erabakiorrean arriskatu zuen eta ongi atera zitzaion: bi dejada, bi tanto bi paretetara, Etxeberriaren akats batek eta sakez lortutako hiru tantori esker, 8 tantoko partziala lortu zuen Lizarrakoak, markagailua 11-4an ezarriz. Baina segidan bi tanto eskuratu zituen Lakuntzakoak eta finalerdietan burutu zuen erremontada ikusgarria errepikatuko zuela pasa zitzaien burutik pilotazaleei (gogoratu 11-3 galtzen zioala orduan eta azkenean irabazi zuela), Etxeberriak ez baitzuen amore eman. Nahiz eta 14-6 galtzen joan Etxeberriak borrokatzen jarraitzen zuen. Dejada bat egin eta ongi atera zitzaion, baina ez hurrengoa. Peñasek dejada bat eta sakezko bi tanto lortu eta horrela despeditu zen partida, 18-7 Peñasen alde. Lakuntzakoa 22 urtez azpiko Nafarroako Buruz Buruko txapeldunordea izan da, lan bikaina eginda.