Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lastaila hasieran karrikaratu zuen Disturbio taldeak bere hirugarren lana, Muy Tóxico (Baga Biga). Gitarra eta bateria kolpez eta hots urratuz betetako lana da Aguraingo eta Lakuntzako taldearen lana. Beleixe Irratiak berriki Disturbio taldeko bateria Aritz Igeltz, Ziga, elkarrizketatu du. Sakanako irrati euskaldunean Aritzek azaldu duenez Disturbio taldean bateria aldaketak izan dira, "baina taldearen bizkar hezurrak tinko segitzen du: Edorta (ahotsa eta baxua), Txiki (gitarra eta koroak) eta Iñaki (gitarra eta koroak)". Urte eta erdi darama aguraindarrekin bateria jotzen Aritzek eta azaldu duenez "besteek txikitatik elkar ezagutzen dute. Musika pila entzuna dute eta ongi moldatzen dira elkarrekin. Ni haiendako berria naiz, eta alderantzi. Ez da erraza, baina oso ongi joan da gauza. Norabide berean baikoaz. Entseatzera joateak ez du lanik suposatu".Sakanako eta Aguraingo musikarien "konbinazio onaren" beste adibide bat litzateke, beraz, Aritzena. HirugarrenaTaldean sartu eta berehala Disturbioren hirugarren lana izanen zena prestatzen hasi ziren musikariak. Martxotik maiatzera bitartean estudioko lana egin zuten. Bilboko Rock estudion grabatu du Disturbiok Muy Tóxico, Carlos Creator teknikari zutela. Bera taldearekin batera izan dira ekoizleak. Etxeko lana da gehien bat, hiru kolaborazio besterik ez baitituzte. Haietako bat Evaristorena. Taldearen aspaldiko ezaguna. Gainera, Gatillazo taldearen lokalean prestatu zuen diskoa Disturbiok.Aritzek esan duenez emaitzarekin "pozik" gelditu dira, "gehien betetzen duena egindako lana eta sortutako musika estiloa da". Horretaz galdetuta Aritzek azaldu du "hasiera-hasieratik oso garbi dugu eskaini nahi duguna: gitarra kolpeek paso ematen diete bateria kolpe indartsu batzuei eta berriro gitarra zorrotza eta pisu handia. Oinarri erritmikoa, latza eta zama izugarria lehen segundotik nabari da". Ahotsa ere landu dute "urratua eta lineala izateko". Aritzen arabera "eboluzionatzen ari gara. Gogoa dugu eta nabari da". Bateria-jole lakuntzarrak diskoaz esan zuen: "oso azkar entzuten da, ez da errepikakorra gertatzen. Soinu bikaina du. Produkzio lan bikaina nabari da". Azaroan atseden hartu ondoren diskoa eskenatokietan defendatzeari ekinen diote berriro. Baina diskoa prestatzea eta grabatzea ez da Aritzek taldera sartu eta berehala eutsi behar izan dion erronka bakarra. Iazko abenduan Amerikan barna 3 asteko bira egin zuen Disturbiok. Aritzek esan duenez "oso esperientzia polita izan zen".