Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azaroan barna urtero moduan, Lakuntzako Pertza elkarteak Bazkide Eguna ospatuko du. Ekitaldiak bihar izanen dira, azaroaren 22an, elkarteko juntak antolatuta. 15:00etatik 16:00etara bazkideak kafe konpletoa hartzera gonbidatuta daude, dohainik. 15:30ean jokatuko dira mus azkarreko finalak eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidak. 16:30ean Nafarroako Kluben arteko pilota txapelketako partidak jokatuko dira Lakuntzako Behar Zana pilotalekuan, elkarteak antolatuta. Geroago, 19:00etan, hildako bazkideen aldeko meza izanen da San Salvador elizan, eta handik ateratzean, 20:00etan, lakuntzar guztiei auzatea eskainiko zaie plazan, trikitilarien doinuek lagunduta. Argiñeren bisitaHain zuzen ere egun hau aukeratu du Nafarroa Oinezeko maskotak, Argiñek, Lakuntzara bisita egiteko. 20:00etan etorriko da Argiñe bere burua lakuntzarren aurrean aurkeztera. Guztiek baina bereziki txikienek eskertuko dute bere bisita, Argiñek muxu eta kontu asko ekarriko baititu eurendako. Auzatearen ondoren, 21:30ean, Lakuntzako Pertzako bazkideak elkartean bilduko dira, afari oparoaz gozatzera. Afalondoan, giroa berotzeko, dantzaldia izanen da Modestorekin.