Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Partidu bikaina jokatu zuen Lagun Arteak joan zen asteburuan, denboraldiko partidurik onena. Baina arerioa ez zuen nolanahikoa: liderra hartu zuen etxean. Lakuntzako taldeak jarri zuen jokoa, baina Pamplonak zortea alde izan zuen, liderraren zortea akaso. Zuten guztia eman zuen Lakuntzako taldeak: gogotsu atera ziren zelaira eta grinarekin jokatu zuten. 31. minutuan, Arrosagairen golak aurretik jarri zituen markagailuan. Gutxi iraun zuen lakuntzarren pozak, 3 minuturen bueltan 1-1ekoa markatu baitzuen Pamplonak. Atsedenaldia bertan zenean 1-2 aurreratu ziren bisitariak. 71. minutuan sartu zuen Xabik berdinketaren gola. Baina, atzera ere, berehala isildu ziren Zelai Berriko poz oihuak: 74. minutuan 2-3koa sartu zuen Pamplonak. Zelaiko oihuak bai, baina jokalarien grina ez zen isildu; borrokan jarraitu zuten lakuntzarrek. Bide horretatik 3na berdindu zuen Berazak 75. minutuan. Hiru gol lau minututan eta harmailetan kirioak dantzan. Partida horrela amaituko zela zirudienean, 91. minutuan, 3-4koa sartu zuten bisitariek. Denboraldiko partidurik onena egin ostean, saririk gabe geratu zen Lagun Artea. Sailkapenaren gorenean jarraitzen du Pamplona taldeak, 29 punturekin. 13 punturekin, 13. postura jaitsi da, Lagun Artea, jaitsiera postutik gertu. Puntutara berdinduta, sailkapeneko 10. postuan dagoen Burlades taldearekin neurtuko ditu indarrak Lagun Arteak datorren larunbatean. Zuloan eroriko ez bada, behar-beharrezkoa du garaipena.