Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurrera egiteko oilagor bat ehizatu behar zuten parte-hartzaileek. Horrela, finalerdi bakoitzetik sei ehiztarik egin zuten aurrera, 12 guztira, eta haiei iazko Nafarroako txapelduna, Aitor Apeztegia, gehitu zitzaien. Hortaz, 13 ehiztarik jokatu zuten Nafarroako Ehiza Txapelketaren finala, Sabaizan. Hiru oilagor azkarren ehizatzen zituena izango zen txapelduna. Eta azkarrena Gorka Aldabe ehiztari lakuntzarra izan zen, 25 minutuko epean ehizatu baitzituen 3 oilagorrak. 10 minutu gehiago behar izan zituen Ramon Azkarate altsasuarrak beste hiru oilagor ehizatzeko, eta txapeldunordea izan zen. Sailkatutako hirugarrenak, iazko txapeldun Aitor Apeztegiak, bi oilagor harrapatu zituen. Larunbatean, Espainiako Txapelketa jokoanGorka Aldabe txapelduna pozik dago egindako lanarekin. "Oso kontentu nago. Txapelketa honetan 6 aldiz hartu dut parte, eta lehendabiziko aldia da irabazten dudala. Beti ilusioarekin joaten zara, eta aukerak hor daude, eta aurten zorte handia izan dut, 25 minuturako hartu bainituen hiru oilagorrak" adierazi du ehiztari lakuntzarrak. Meritu gehiena nork duen galdetuta, txakurra aipatu du zalantzarik gabe. Brenda izeneko setter ingelesa dauka Aldabek, bere egitekorako ezinbesteko laguna. Hurrengo erronka asteburu honetan du Aldabek: Espainiako Ehiza Txapelketa. Txapelketa Kantabrian jokatuko da, Sajako Erretserban, abenduaren 13an, larunbatean, 9:00etatik aurrera. Guztira Estatu osoko 40 ehiztari lehiatuko dira, tartean hiru nafar: Nafarroako txapeldun Gorka Aldabe, txapeldunorde Ramon Azkarate, eta Espainiako egungo txapeldun den Juan Mari Esain nafarra. Esain Zubirikoa da eta 6 aldiz izan da Espainiako txapelduna. Hortaz, faborito nagusia da. Ehiztariek hiru oilagor ehizatu beharko dituzte, eta egon daitezkeen berdinketak hausteko egiten dituzten tiroak kontatuko dizkiete eta beste hainbat baldintza bete beharko dituzte. Gorka Aldabe ilusioz beteta dago erronka berriarekin. Eta baita Azkarate ere. Nolanahi ere, emaitza onekin bueltatzeko zailtasun asko ikusten ditu Aldabek. "Hasteko ez dut eremu hura ongi ezagutzen. Duela gutxi Sajara joan ginen baina lainoa zegoen eta ezin izan genuen eremua ongi aztertu. Asteazkenean joatekoa nintzen eta elurrarengatik ezinezkoa izan zen. Gaur joango naiz, ostiral goizean, eta bertan geldituko naiz larunbatera arte. Dena den gurearekin alderatuz oso lur ezberdina da. Arbola gutxi daude, tarteka korro txiki batzuk, eta sastraka asko. Terrenoa ezagutzeak asko egiten du, baina zer egingo diogu? Ea horietako arbola korro batean oilagorrak hartzeko aukera dugun!"