Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntzako Udalak bihar eguerdian pleno berezia eginen du. Bilkura horretan udalak Lakuntzako Herritarren Eskubideen Karta onartuko da. Horregatik udalak lakuntzarrak bilkuran parte hartzera deitu ditu. Lakuntzako Udaletik nabarmendu nahi izan dute biharkoa ez dela "beste pleno bat, baizik eta udal kudeaketa egiteko eredu berri bati ateak zabalduko dion okasio garrantzitsu bat". Lakuntzako Udalaren asmoa da herrian "dinamika bat ezartzea progresiboki herritarren parte hartzea bulkatuko duena udal kudeaketan". Dinamika horretan, udala, erakundeak, entitateak eta, orokorrean, lakuntzarrak inplikatzea nahi dute, "lau urtean behingo bozketez aparteko zerbait eratuz". Lakuntzako Herritarren Eskubideen Kartak bi oinarri ditu. Alde batetik, Herritarren Parte Hartze Araudia. Berau Lakunzako erakunde eta entitateekin egindako lan-tailerretan ateratakotik sortu da. Beste oinarria Herritar Parte Hartze arloko Jarduera Plana da. Horren barruan arlokako lan proposamenak jaso dituzte eta pixkanaka garatuko dira, esaterako: aurrekontu parte-hartzaileak heldu den urtean, haurrak parte hartzean hezi, Hirigintza Planerako metodologia parte hartzailea prestatzea eta beste. EgitarauaHerritar Eskubideen Kartaren onarpena dela eta gaur eta bihar Lakuntzan ekitaldiak izanen dira. Gaur, 19:00etan, udaletxean Lakuntzako jendartearen argazkia azalduko dute prozesua bideratu duten Biderka enpresako kideek. Parte hartzearen ikuspegitik lakuntzarak nolakoan diren azaldu eta gero, Azkoiengo alkateak bere herrian aurrekontu parte-hartzaileekin izandako esperientzia azalduko du. Larunbatean, 12:0etan, udalak ezohiko bilkuran Lakuntzako Herritarren Eskubideen Karta onartuko da. Ekitaldia despeditu ondoren, 12:30ean, haurrendako jolasak eta txokolatada izanen dira plazan. 13:00etan, berriz, txistorra eta ardoa banatuko dira musikak lagunduta.