Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sailkapen nagusiko azken postuan dagoen taldea hartu zuen etxean Lagun Arteak joan zen igandean. Atzeko postuak uzteko aukera ona zen lakuntzarrendako eta ez zuten huts egin. Partida borrokatua izan zen, bi taldeek ere asko baitzuten jokoan. Bila eta bila aritu ostean, etxekoak aurreratu ziren Jonen golari esker. Atsedenaldira aldeko markagailuarekin joanen zirela zirudienean, 44. minutuan bana berdindu zuten bisitariek. Bigarren zatian nagusi izan ziren lakuntzarrak eta aldea handitu zuten. 2-1ekoa sartu zuen 72. minutuan Bakaikoak eta, oraindik ere gola ospatzen ari zirela, 3-1ekoa sartu zuen Gascok 74. minutuan. Ez zuen gehiagorako eman partidak. 3 puntuei esker Lagun Arteak postu batzuk igo ditu sailkapen nagusian: 10.a da orain, 16 punturekin. Pamplonak jarraitzen du lider 33 punturekin. Erronka gogorra dute lakuntzarrek datorren asteburuan. 26 punturekin 3. postuan dagoen Gazte Berriak taldearen zelaia bisitatuko du. Duten guztia eman beharko dute Lakuntzakoek.