Herritarren Eskubideen Karta onartu du udalak

Guaixe 2008ko abenduaren 16a

Larunbatean Lakuntzako Udalak Herritarren Eskubideen Karta onartu zuen. Udaletxeko bilkura aretoan hainbat lakuntzar bildu ziren eta haiek lekuko zirela EAE-ANV-ko sei zinegotzien bozei esker onartu zen karta. EA-ko zinegotziak ez ziren bilkuran izan. Lakuntzako Udalak larunbat eguerdian onartutako kartak bi atal ditu. Batetik, parte hartze araudia. Horren bidez, "udaleko gai publikoetan parte hartze demokratikoa eta gardentasuna sustatzeko konpromisoa argia eta irmoa hartu nahi" duela dio udalak. Eta, bestetik, ekintza plana. Guztia lakuntzarren "parte hartzea zabalagoa eta kalitate handiagokoa izateko". Horretarako Lakuntzako Udalak Herritarren Eskubideen Kartak hainbat bitarteko aurreikusten ditu, "pixkanaka garatzen eta Kartan gehitzen joanen direnak".  AraudiaKartaren baitan jasotzen den Lakuntzako herritarren parte hartze araudia hainbat kapitulutan banatuta dago. Kapituluen artean dago parte hartze eskubidea zehazten duena. Horretan jasotzen da, besteak beste, herritarrek alkateak har ditzan duten eskubidea, informazio jaso, eskaerak eta proposamenak egiteko eskubideak edota udal bilkuretan hitz egitekoa. Beste kapitulu bat herritar taldeen eta taldeen parte hartzeari eskainia dago. Hartan jasotzen da talde horien udal erregistroa sortuko dela eta bere ezaugarriak azaltzen ditu. Horretaz gain, erakundeak bilduko dituen Taldeen Mahaia sortzeko aukera jasoa dago. Baita udalaren web orrian tokia izateko aukera ere. Hirugarren kapituluak herritarren parte hartzeko prozesuak, organoak eta bideak zehazten ditu. Horien artean daude hain ezagunak diren herri kontsultak. Baina baita Lakuntzako Kontseilua deritzona ere, herri osoari eragiten dioten jarduerak aztertu eta eztabaidatzeko parte hartze organoa. Harekin batera, Lakuntzako Haurren Kontseiluari, Herritarren Parte Hartzerako Batzorde Iraunkorrari, Ekipamenduko Kontseiluari eta Batzorde Bereziei buruzko xehetasunak ematen ditu. Azken kapitulua informazio, arreta eta komunikazio sistemei eskainia dago. Horretan toki berezia dute teknologia berriek. PlanaLarunbatean onartutako Kartaren barruan dago ere Herritarren Parte Hartzearen arloko ekintza plana, dozena erdi bat ekintzetan zehazten dena. Lehenik, "herritarren partaidetzaren arloko heziketa teoriko eta praktikoko jarduerak" bultzatzeko plana dago. Horren ondoren, elkarteak sustatzeko udalak eginen duen plana dator. Hirugarrena, berriz, udalaren titularitateko komunikabideen "funtzionamendua eta koordinazioa arautzeko, herritarrei informazio hobea ematea ziurtatzeko" plana izanen da. Lakuntzako arlo guztietako ekipamenduak herritarren parte hartzearekin kudeatzeko plana ere garatuko du Lakuntzako Udalak. Bosgarren planaren helburua gardentasuna eta informazioa eskuratzea izanen da. Kartak jasotzen duen ekintza planeko azkena aurrekontu parte-hartzaileak indarrean jartzeari buruzkoa da, udalak pixkanaka ezartzeko asmoa duena.PraktikaraLakuntzarrek udalarekin zerikusia duten gaietan parte hartzeko lehen aukerak izanen dira, alde batetik, Espainiako Gobernuak udalari enplegua sortzeko emanen dion dirua zein lanetara bideratu erabakitzeko ekarpenak egitea. Horretaz gain, udalaren aurrekontu parte hartzaileetan aurreneko urratsak eman nahi ditu. Horrekin batera, hurrengo hirigintza plana egiteko metodologia parte-hartzailea sustatuko du udalak. ProzeduraHerritarren Eskubideen Karta adosten urte erdia eman dute hainbat lakuntzarrek. Nafarroako Gobernuak emandako diru-laguntzaren osatu zuen udalak 9.000 euroko aurrekontua eta Biderka Konsulting SL enpresa kontratatu ahal izan zuen. Lakuntzako 19 talde deitu zituzten ekimenean parte hartzera eta haietatik hamarrek  baiezkoa eman zuten. Bileretan, bataz beste, dozena bat erakundeetako 25 herritar bildu izan dira. Bezperan bere herriko esperientziaren berri eman zuen Azkoiengo alkatearendako "parte hartze oso ona da". Lakuntzako alkateak, bestalde, parte hartzaile guztiak zoriondu zituen. Esan zuenez, "orain arte gogorrena egin da. Hemendik aurrera gauza errealekin ariko gara". Lakuntzarrak parte hartzen jarraitzera gonbidatu zituen ere. Bestalde, karta adostu eta gero, Lakuntzako parte hartzearen gizarte diagnosia egitea faltako da. Haren bidez, etorkizuneko jarduera plana osatuko da. Parte-hartzaileak:Biltoki, Lagun Artea Futbol Kirol Taldea, Ehiztariak, Zabalarte, Elai Alai Dantza Taldea, Lakuntzako eskola kontseilua, Luis Fuentes Ikastetxe Publikoko Guraso elkartea, Andra Mari ikastolako Guraso Elkartea, Gure Nahia jubilatu elkartea, parrokiko junta, Haizea Kultur Elkartea, Lakuntzako Pertza Elkartea, Aralar Txirrindula Taldea, Oilaskoiturri talde ekologista, gazteak, Lakuntzako Abesbatza eta Erraldoi eta Buruhandien konpartsa.