Urrezko hiru puntu Lagun Artearendako

Guaixe 2008ko abenduaren 22a

Norgehiagoka zaila zuen Lagun Arteak asteburuan, sailkapen nagusiko 3. taldea hartu baitzuen Zelaiberrin, Gazte Berriak taldea. Etxeko zaleen berotasunak lagunduta, partida irabazi eta 3 puntu garrantzitsu bereganatu zituen Lakuntzako taldeak. Partida serioa ikusi ahal izan zuten atzo Lakuntzako zelaian bildu zirenek. Gora begira batzuk eta beheko postuetatik aldendu nahian besteak, bi taldeek asko zuten jokoan, eta zuten guztia eman zuten. 91. minutuan, norgehiagoka 0nako berdinketarekin amaituko zela zirudienean etorri zen urrezko gola: Josebaren jokaldi bikainaren ondoren, Iraitz arduratu zen gola sartzeaz. Pamplona taldeak areriorik jarraitzen du taularen gorenean, 36 punturekin. Denboraldi hasiera kaxkarraren ondoren, azken astetako lan onak zulotik atera du Lagun Artea. 8. postuan dago, 19 punturekin. Gabonekin batera, atsedena izanen dute asteburu honetan. Oporretatik bueltan, ilbeltzako lehen asteburuan itzuliko dira, urtarrilaren 3an. Lehen itzulia agurtzeko, arerio zuzenaren zelaia bisitatuko dute lakuntzarrek: 20 punturekin 7. postuan dagoen Amaya talderena. Ea bukaera ona ematen dion lehen itzuliari.