Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Berriozarren jokatu zuen larunbatean Lakuntzako Lagun Arteak, hotz izugarriarekin, San Cristobalen kontra. Gaizki hasi ziren gauzak lakuntzarrendako, partida hasi eta berehala, 9. minutuan, Pacok San Cristobal markagailuan aurreratu baitzuen. Lakuntzarrak ez ziren kikildu eta berdinketa lortzeko gogor borrokatu zuten, baina ez zuten kontrako atean asmatu, eta gainera, jokalari bat gutxiagorekin geratu ziren, Bakaikoak bi txartel hori pilatu eta gero. Atsedenalditik bueltan jokaldi onak egin zituen Berriozargo taldeak, eta nahiz eta jokalari bat gutxiago izan, lakuntzarrek ez zuten partida galdutzat eman. 79. minutuan San Cristobalgo Eduk taldeko bigarren gola sartu zuen, eta hortik aurrera San Cristobalek partidaren erritmoa zeharo moteldu zuten, garaipena babesteko. Horrela despeditu zen lehia, Lagun Arteak 2-0 galduta. Pamplona taldeak jarraitzen du Preferente mailako lidergoan, 38 punturekin. Galdu eta gero Lagun Artea 11.a da, 20 punturekin. Asteburuan Lakuntzako San Sastinak direnez, larunbatera aurreratu du Lagun Arteak asteburuko jardunaldia. Horrela, sailkapenean bigarrena den Amigo taldea hartuko dute larunbat arratsaldean Zelai Berrin. Partida konplikatua izango da, baina ea irabazi eta puntuak pilatzeko aukera duten lakuntzarrek.