Dominekin eskertu dituzte odol-emaileak

Guaixe 2009ko urtarrilaren 26a

Larunbatean Lakuntzako odol-emaileen ordezkaritzaren festa ospatu zen. Elizkizuna eta gero Lakuntzako Pertza elkartean bildu ziren odol-emaile guztiak. Haiendako auzate txiki bat prestatu zuen elkarteak eta, ondoren, odol-emaile nabarmenei dominak banatu zizkieten. Guztira 14 domina banatu zituzten larunbatean Lakuntzan. Haietako hiru urrezkoak izan ziren. 50 alditan odola eman duten Miguel Angel Lanz Huartek, Marcelina Lizarraga Lanzek eta Jesus Maria Miranda Anduezak jaso zituzten domina horiek. Zilarrezko domina 25 alditan odola eman dutenek jasotzen dute. Larunbatean hamaika lakuntzarrek eskuratu zuten oroigarria, hauexek: Jaione Alegria Garcia, Eva Alegria Mazkiaran, Vicente Berreguero Gimenez, Juan Isidro Gaya Andueza, Emilia Guruzeaga Zubillaga, Aitor Hernaiz Ormaetxea, Margarita Irurzun Ezkurdia, David Larraga Garziandia, Rosa M. Lizaur Andueza, Jose A. Otxagabia Satrustegi eta Beatriz Razkin Razkin. DatuakLakuntzako ordezkaritzak 104 odol-emaile ditu. Horietatik 30 hainbat arrazoirengatik bajan daude. Iaz, hori bai, bi odol-emaile berri egin ziren. Emateei dagokionez elkarteak jakitera eman du iaz 43 lakuntzarrek eman zutela odola, aurreko urtean baino zortzi gutxiago. Emateen kopuruari dagokionez, 68 izan dira, aurreko urtean baino 40 gutxiago. Odol-emate gehienak Lakuntzan bertan egin dira, 40, eta gainontzeko 28k Iruñean.AdierazpenakLarunbatean Lakuntzan Nafarroako Odol-emaileen Elkarteko lehendakari Jesus Maria Mas Cibrian izan zen. Berak azaldu zuenez, "Nafarroa da estatuan odolaren eta hezur muinaren emaile nagusia. Hori positiboa da, baina ez gara erlaxatu behar". Presidenteak esan zuenez, "Nafarroako emateekin herrialdeko beharrak asetzen dira, baina ez da ahaztu behar, adibidez Madrilen 10 egun egon direla ebakuntzarik egin gabe, odolik ez zegoelako. Hortaz arazoa da". Jesus Marik esan zuenez "odol-emaileak bagaude, baino gero eta gehiago denetarik behar da". Ildo horretan, odol-emaileak hezur muinaren emaile egitera animatu zituen, "oso beharrezkoa baita". Berak argitu zuenez "18 eta 55 urte bitarteko edozein pertsona izan daiteke emaile". Azaldu zuenez "prozedura erreza" da.