22 goitibehera lehiatu ziren Lakuntzan

Guaixe 2009ko urtarrilaren 29a

Ilbeltzaren 17an Nafarroako goitibehera txapelketarako baliagarria zen goitibehera lasterketa jokatu zen Lakuntzan. 22 goitibeherak hartu zuten parte, antolatzaileen esanetan lehendabiziko lasterketa izateko asko, tartean hainbat sakandarrek. Esaterako, Arbizuko Eneko Jimenezek eta Lakuntzako Migel Angel Rodriguezek Olaztiko Larratxota goitibehera gidatu zuten, eta Lakuntzako Txarrantxa razing eta Altsasuko Sorgintxulo goitia ere izan ziren lehian Lakuntzako kaleetan barna, hauek guztiak G1 kategorian. Pneumatikoetan, G1 kategorian Gondola de Amor izan zen azkarrena (19,31 segundu), eta haren atzetik sailkatu ziren Soria Sport (19,37 s.), Metazire (19,60 s.) eta Basurde Evo (19,87 s.). Atzetik sailkatu ziren Sakotz, Ostiazko, Larratxota eta Txarrantxa razing. G2 mailan soilik Gowfer goitia lehiatu zen (21,71 s.). Errodamentuzko kategorian Palkilo gailendu zen (25,77 s.) Nukarrolen aurretik (29,83). Eta golfo 3 mailan Ion Nuñez izan zen onena (20,51 s.). Atzetik sailkatu ziren Orein Mondragon, Aitor, Egoitz, Jon eta Orkatz.