Udaletxea goitik behera konponduko da

Guaixe 2009ko otsailaren 5a

Estatu funtsa ere udaletxea berritzera bideratuko da. Lanak apirilean hasiko dira eta gutxienez zortzi  hilabete iraungo dute. Tarte horretan mediku kontsulta Arbizun izanen da eta oraindik ez da erabaki udal bulegoak non jarriko direnLakuntzako Udalak erabaki du udaletxea goitik behera konpontzea. Hasiera batean igogailua jarri, eraikinari altuera bat gehiago eman, ganbaragoiko ederra eginez, teilatua konpondu, leihoak berritu eta fatxada konpondu eta margotzea zen asmoa, eta proiektua egin eta Nafarroako Gobernuari diru laguntza eskatu zitzaion. Lanetarako 280.000 euro jaso ziren iazko aurrekontuan. Nafarroako Gobernuak igogailua jartzeko diru laguntza eman zuen, eta aparteko lanak egiteko 112.821 euroko diru laguntza eman zuen, lanak lau urteko planean jaso eta gero. Lakuntzako udalak lanak emateko deialdia egin zuen ere. Baina udaletxeko barruko egoera ez da egokia. Lehen pisuan dauden udal bulegoak ez dira batere erosoak, zaharrak daude eta udal aretoa txiki geratzen da. Horrela, Lakuntzako Udalak, herriko talde, elkarte eta eragileekin parte hartze prozesuan bilduta, erabaki zuen behin lanak egiten hasita, eta ikusita Espainiako Gobernuaren Enplegurako Toki Inbertsioaren Estatu Funtsa zertara bideratu erabaki behar zela, hobe zela udal eraikina barrutik hustea eta berria jasotzea, fatxada mantenduz. Gainera, lehen pisuko forjatua egiterakoan derrigorrez beheko solairukoa konpondu behar da, eta hortaz, dena eginen da. Dagoeneko lan batzuk zehaztuta eta emanak zeudenez, orain egin beharreko lanak atzera ere zehaztu, diru laguntzak eskatu eta lizitatzea izanen da. Hainbat tramitazioHorrela, udalak  Espainiako gobernuaren Enplegurako Toki Inbertsioaren Estatu Funtsaren bidez 199.997 euroko diru laguntza eskaera egin du (BEZa barne). Diru horrekin eraikinaren forjatuak egin, eskailera berritu eta bigarren planta egitea aurreikusten da. Lehen solairuko udal bulegoak egiteko Nafarroako Gobernuko Toki Administraziora joko du udalak diru laguntza eske, inbertsio berrien ataletan laguntza eskatzera. Eta behealdean dauden jubilatuen egoitza eta medikuaren kontsulta berritzeko, lehenengo kasuan Nafarroako Gobernuko Gizarte-Ongizate Departamentura joko dute laguntza eskatzera eta kontsultaren kasuan Nafarroako Gobernuko Osasunbidea Departamenduko Lehen Mailako Harretako sailera. Gauza bat bestearen atzetik etorri denez, tramite asko egin beharko dituzte, baina diru laguntzak jasoko dituztenaren ustea dute Lakuntzako udalean. Apirilean hasiUdaletxea berritzeko lanak apirilean bertan hasiko direla esan digu Lakuntzako alkate Jose Ramon Garinek. "Estatuaren diru laguntzetan jasotzen da aurkeztutako lanak berehala hasi behar direla eta horrela eginen dugu" dio alkateak. Bitartean, Lakuntzako udal bulegoak, medikuaren kontsulta eta jubilatuen egoitza tokiz aldatu beharko dituzte. Lanak egin bitartean medikuaren kontsultara Arbizura joan beharko dira lakuntzarrak, eta oraindik ez dute guztiz zehaztu behin-behineko udal bulegoak non jarriko dituzten. Lanak despeditzeko zortzi  hilabete luze behar izango dira. Oraindik guztiz erabakita ez badago ere, udaletxea berritzen denean beheko solairuan medikuaren kontsulta, jubilatuen egoitza eta biltegia izanen dira; lehen solairuan idazkariaren gela eta artxiboa, administrazioa, alkatearen gela eta komunak; bigarren solairuan udal taldeen gelak, gizarte laguntzailearen gela, udal bilkura gela handia eta hainbat gela, eta hirugarren pisuan edo ganbaragoikoan, erabilera anitzeko gela handia. Igogailua ere ez da faltako.