Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean Garesen jokatu zuen Lagun Arteak, bertako taldearen kontra. Oso partida lehiatua eta entretenitua izan zen bi taldeek jokatutakoa, gol aukerak sortu eta kontrako taldea estutzen duten horietakoa. Horrela, lakuntzarrak izan ziren markagailuan aurreratu zirenak, Gaskok sartutako gol bati esker. Gareskoak ez ziren kikildu eta joko ona eginez banakakoa ezarri zuten markagailuan, baina atsedenaldira joan baino lehen atzera ere lakuntzarrak aurreratu ziren, Bakaikoak sartutako gol bati esker. Bigarren zatian joko lehiatuak eta gol aukerek jarraitu zuten, baina Gareskoak kontrako atera heldu eta aztatzen ez zuen bitartean, Lagun Arteak aztatu egin zuen, Bengoetxeak sartutako golarekin. Bat eta hirukoarekin despeditu zen lehia. Sailkapen orokorrean Pamplonak jarraitzen du lidergoan, 48 punturekin, baina gertu du San Jorge, 3 puntu exkaxera. Lagun Artea zazpigarrena da, 32 punturekin, seigarrena den San Cristobalekin berdinduta. Asteburuan 23. jardunaldia jokatuko da. Lagun Arteak etxean jokatuko du igandean, Zelai Berrin, 25 punturekin bederatzigarrena den Leitzako Aurrera taldearen kontra. Leitzarrak arerio oso gogorrak dira, baina espero dezagun hiru puntuak Lakuntzan gelditzea, sailkapenean gora egiteko. Nolanahi ere lakuntzarren eta leitzarren arteko partida interesagarria eta lehiatua izanen da oso, giro bizikoa.