Hiru puntu poltsikoratuta, bosgarrena da Lagun Artea

Guaixe 2009ko martxoaren 10a

Tentsioz betetako partida izan zen larunbatean Sanduzelain jokatu zena, sailkapenean bigarrena den San Jorgeren eta bosgarrena den Lagun Artearen artekoa. Lidergoa duen Pamplona taldearengana gerturatzeko irabazi beharrean zegoen San Jorge, eta goiko postuetan aurrera egiteko, berriz, Lagun Arteak beharrezkoak zituen hiru puntuak. Hortaz dena ematera atera ziren bi taldeak eta tentsioz betetako lehia izan zen, baina lehiaz gain, futbol onaz gozatzeko aukera izan zuten zaleek. Lagun Artea izan zen markagailuan lehen aurreratu zena, San Jorgeren despisteak aprobetxatuz zazpigarren eta 11. minutuetan Jonathanek eta Josebak sartutako bi golei esker. Nahiz eta San Jorge saiatu, lehen zatian markagailua ez zen mugitu. Bigarren zatia hasi eta berehala San Jorgeren lehen gola heldu zen, Blascok sartutakoa. Iruñerrikoek gol aukera gehiago izan zituzten, baina ez zuten asmatu, eta gainera, hobekien ari zirenean, Lagun Arteako Jokinek 1 eta 3koa sartu zuen. Atzera ere aukera gehiago izan zituen San Jorgek, baina soilik gol bat sartu zuten. Horrela, 2-3 irabazi zuen Lagun Arteak, eta goi postuetan daudenei irabazi ahal zaiela demostratu zuen. Pamplonak jarraitzen du Preferente mailako buru, 52 punturekin. San Jorge bigarrena da, baina galdu eta gero 48 puntu dauzka. Lagun Artea bosgarrena da, 38 punturekin, goiko postuetara begira. Igande arratsaldean OPUSeko unibertsitateko taldea hartuko du Lagun Arteak Zelai Berrin. Universidad de Navarrakoak sailkapenean hamalaugarrenak dira, 21 punturekin. Ea etxean jokatzeak lakuntzarrei irabaztea laguntzen dien eta azken bolada honetako emaitza onek jarraitzen duten.