Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bihar, iluntzeko 22:00etan, Korrika Kulturalaren barruan, Jon Maiaren Bidaia Intimoak dokumentala ikusi ahal izanen da Lakuntzako zineman. Mixele, Rami, Jesus Mari eta Tereixa dira dokumentaleko protagonistak, euskaraz bizi nahi dugunon herrira etorritako lau pertsona. Lapurdin jaio zen Mixele eta ama hizkuntza, euskara, frantses eskola publikoaren eraginez galdu zuen haurtzaroan. Rami Aljeriako ber-berea dugu, gaztetan Parisera ikasketak egitera joana. Gaur egun Goizuetan bizi da, euskaraz. Jesus Marik euskara izan zuen ama hizkuntza, baina eremu erdaldunean bizitzean galdu egin zuen. Euskaldun eta abertzale sentitzen zen, ordea, eta horrek bultzatu zuen euskara berreskuratzera. Tereixa, berriz, Galizian jaiotakoa da, baina, beste asko bezala, Bilbora etorri zen lan bila. Ikastoletan irakasleak behar zirela jakinda, berehala hasi zen euskara ikasten eta gaur egun Portugaleteko Asti Leku ikastolan dihardu lanean. Hamaika dira euren modura euskarara hurbildu direnak. Euskaldun asko eta asko lau pertsona hauen bizitzetan identifikatuta sentituko dira.