Udaletxeko lanengatik udal zerbitzuak tokiz aldatuko dira

Guaixe 2009ko martxoaren 25a

Lakuntzako Udalak bere zerbitzuak herrian barna barreiatuak izanen ditu denboraldi batez. Udaletxean egitea onartu diren lanak udal bulegoak apezaren etxera lekualdatzea ekarriko du. Aldaketa astelehenean eginen da baldin eta telefono eta interneterako sarbidea egoki badabiltza. Medikuarengana joan nahi duten lakuntzarrek Mikel Arregi kaleko 35. zenbakira jo beharko dute heldu den astetik aurrera. Hori bai, azken lan batzuengatik astelehen eta asteartean mediku kontsulta Arbizun  izanen da. Udaletxeko lanek Gure Nahia jubilatu elkartearen egoitza tokiz aldatzea ekarri du ere. Plazan bertan jarraituko dute biltzen, Kale txiki taberna zena izanen dute biltoki. Posta bulegoa lehendik egon den egoitza batera bueltatuko da, Euskadiko Kutxaren atzeko aldean dagoena, hain zuzen. Bestalde, orain arte udaletxean eman diren ikastaroak eskola laborean kokatuko dira. Udaletxeko lanak irauten duten bitartean udal liburutegia itxita egonen da. Lanak hasi aurretik udaletxea hustu egin behar da eta hori auzolanean egin dute lakuntzarrek.  LanakApirilean hastekoak dira herriaren etxea goitik behera itxuraldatuko duten lanak. Lakuntzako Udalak hasiera batean igogailua jarri, eraikinari altuera bat gehiago eman, ganbaragoiko ederra eginez, teilatua konpondu, leihoak berritu eta fatxada konpondu eta margotzeko asmoa zuen. Horretarako Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza bazuen. Baina Espainiako Gobernuaren Enplegurako Toki Inbertsioaren Estatu Funtsetik jasotako 199.997 euroak udaletxea goitik behera berritzeko bideratzea erabaki zuen udalak, eraikinaren egoera ez baita egokia. Lanak apirilean hasiko dira eta heldu den urteko udaberrirako despedituak egotea espero da. Lanak despeditu eta gero, udaletxearen beheko solairuan medikuaren kontsulta, biltegia eta jubilatuendako egoitza izanen da. Udala Gure Nahia elkartearekin hizketan ari da, haien egoitza handitzeko aukerak aztertzeko. Udaletxe berrituaren lehen solairuan idazkaritza, alkatearen bulegoa, harrera gunea, artxiboa, batzar gela, posta zerbitzua, gizarte zerbitzuetako langileen bulegoa eta komuna. Bigarren solairuan 4 gela izanen dira, haietako bat handia. Azkenik, ganboikoan erabilera anitzeko gela handia izanen da.