Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean Durangoko III. Duatloia jokatu zen, Euskal Herriko Duatloi Zirkuituko seigarren proba hain zuzen. Lasterketa distantzia motzean jokatu zen - 8,8 km korrika, 39,2 km txirrindulaz eta 5 km korrika - eta irteera lerroan 230 duatleta izan ziren; horietatik 214 heldu ziren helmugara. Guztietan azkarrena Nafarroako Lagunak taldean dabilen Patxi Vila beratarra izan zen (1:49:59), Urbiko TT BAsau taldeko Sergio Gomezi 16 segundoko aldea aterata. Sakanako parte-hartzaile bakarra, Sakana Triatloi Taldean dabilen Beñat Katarain lakuntzarra, 94. sartu zen helmugan (2:05:36), 15:37ra. Eta emakumezkoetan Bilbaotri taldeko Inma Rafael Salas izan zen onena (2:05:20), Gurutze Frades bigarrenari 8 minutu eta 19 segundoko aldea aterata.Igandean Azkoitiko Duatloia jokatuko da, 11:30etik aurrera. Duatletek 8 km korrika, 36 km bizikletaz eta 4 km korrika egin beharko dituzte. Informazio gehiagorako www.azkoitikoduatloia.net webgunera jo daiteke.