Hator hator neska mutil etxera!

Guaixe 2009ko apirilaren 20a

1999an sortu zen Hatortxu Rock, errepresioaren aurka eta bere ondorioak arintzeko antolatutako rock jaialdia. Hamar urte geroago, "zoritxarrez, Hatortxu Rock egiteko arrazoiak desagertu beharrean gero eta nabarmenagoak dira" diote antolatzaileek. Horri 10. urteurrena gehituta, jaialdi erraldoia antolatzeko une egokia iruditu zaie. Joan zen larunbatean iragarri zuten jaialdia Atarrabiako Totem aretoan. 10. urteurrena ospatzeko, lehen aldiz Iruñerria utzi eta Sakanarako bidea hartuko du Hatortxu Rock-ek. Lakuntzan ospatuko da ekainaren 19, 20 eta 21ean. 70 taldeHiru eguneko rock jaialdi erraldoian 70 talde igoko dira oholtza gainera. Horien artean, nola ez, Sakanako musikari ugari izanen dira: Gatillazo, Kaotiko, Hesian, Egurre, The Sekta, Tximeleta eta Vendetta taldeak esaterako bertan izanen ditugu. Haiekin batera ariko dira Euskal Herriko egungo talderik ezagunenetarikoak. Gustu guztietarako musikarekin gozatzeko aukera paregabea izanen da. Bi egunetan kontzertu bikainak hartu eta gero, ekainaren 21ean despedituko da jaialdia lehenengo Hatortxu Egunarekin. Adin guztiei zuzendutako egun berezian jai giroa nagusituko da Lakuntzan, goizetik iluntzera arte. Haurrendako gune bereziak, herri kirolak, herri bazkaria eta abar izanen dira eta, nola ez, kontzertuak. Antolatzaileek eguerdian ospatuko den Hator neska mutil etxera ekitaldira gonbidatu dute jendea. Aurki sarrerak salgaiBi hilabete eskas falta diren honetan, gorputza eta anima rock festarako prestatzen hasi gaitezke. Kontzertutarako sarrerak eskuratzea dugu lehen lana. 21 euro balio dituzte egun bakarrekoek eta 40 euro 2 egunekoek. Azken egunera itxaroten dutenek, 24 euro eta 45 euro ordaindu beharko dituzte hurrenez hurren. Aurki jarriko dituzte salgai ohiko puntutan. Ekaina erdialdea iritsi bitartean, Governors taldeak Fredi Paiaren hitzekin egindako Kristal Kolpatuak kantuaz gozatu dezakegu. Eta rock jaialdiak ekarriko dizkigun guztiak gertu-gertutik jarraitzeko, www.hatortxurock.org orria bisitatu dezakegu. Bihar, aurkezpena LakuntzanLakuntzako Udalak 10. Hatortxu Rock jaialdiarekin bat egin du. Jaialdi erraldoiak "egun batzuetan herritarren bizitzak aztoratuko dituela" aurreikusita, eta "hauxe arazo bilakatu ez dadin", udalak informazio osoa helaraziko die herritar guztiei. Horrez gain, antolakuntza lanetarako herritarren laguntza ere eskatu dute. Joan zen larunbatean jaialdia Atarrabian aurkeztu eta gero, bigarren aurkezpena eginen da bihar, apirilaren 25ean, 20:00etan, Lakuntzako zineman. Lakuntzako Udalak eta Hatortxu Rock Jaialdiaren antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte. Bertan, azalpenaz gain, bideoak eta musika ere egongo dira, baita otamena ere.