Hatortxu Rock jaialdia aurkeztu zuten Lakuntzan

Guaixe 2009ko apirilaren 29a

Ekainaren 19tik 21era bitartean Lakuntzak hartuko duen Hatortxu Rock jaialdi erraldoiaren geroz eta xehetasun gehiago ezagutzen dira. Lakuntzarrak informatuta izateko helburuarekin aurreko larunbatean jaialdiaren aurkezpena hartu zuen Lakuntzako zineak, eta egoitzan adin eta kolore guztietako jende asko bildu zen festa erraldoiaren nondik norakoak ezagutzera. Xabier Silveira bertsolariak bertso eder batekin eman zuen ongi etorria, eta antolatzaileek Hatortxu Rocken orain arteko ibilbidearen berri eman zuten. Nafarroan elkartasunerako eta dispertsioaren aurka antolatutako rock jaialdia izan zen lehendabiziko Hatortxu rocka, Berriozarko frontoian ospatutakoa. Urtez urte jaialdia errepikatzen joan zen, eta bederatzigarren jaialdia antolatu eta gero hausnarketa sakona egin zuten antolatzaileek. "Jaialdiaren 10. urteurrena ospatu nahi genuen batetik, festa handiago batekin, baina Iruñerrian antolatzeko arazoak genituen. Bestetik, Hatortxu antolatzeko arrazoiak bere horretan edo okerrago zeudela argi genuen, herri honek eta presoek sufritzen duten errepresioa igo delako eta egoera are okerragoa delako. Horregatik zerbait potentea egitea erabaki genuen" azaldu zuen Hatortxu Rockeko antolatzaile Alfontsok. Gabonen inguruan Hatortxu 9,5 jaialdia antolatu zuten eta bertan iragarri zuten uda aldera Sakanan jaialdi erraldoia antolatzeko asmoa zutela. Urte hauetan guztietan Hatortxu Rock kontzertuan izan diren taldeekin harremanetan jarri ziren eta baita beste talde batzuekin ere, hiru egunetako jaialdia antolatzeko asmoa plazaratuz, eta euren erantzuna bikaina izan da. "Lakuntzan izango diren talde guztiak, 70 baino gehiago, kobratu gabe etorriko dira, hau da, gastuen truke" zehaztu zuten. Eta Lakuntzako Udalarekin jarri ziren harremanetan, jaialdia bertan antolatzeko eskaera egiteko. Puntu horretan Lakuntzako alkate eta zinegotziak oholtzara igo ziren prozesuaren nondik norakoak azaltzeko. "Herri honen kontrako errepresioa geroz eta makurragoa da, egoera latza da eta horregatik baietz erantzun genion Hatortxu rocka hemen egiteko eskaerari" zehaztu zuen alkateak. Hala ere, Lakuntzako herri txiki batek milaka pertsona hartzeko erronkari modu egokian erantzutea beharrezkoa ikusten zuen udalak. Garbitasuna, mugikortasuna eta ordutegia zaindu nahi diraHiru baldintza bete nahi dira. Alde batetik, egun horietan herria ahalik eta garbiena egotea. "Mankomunitatearekin bilerak egiten ari gara eta guztia antolatuko dugu, denon artean lortuko dugu" esan zuen alkateak. Beste arazoa horrenbeste auto non sartzea zen. "Jaialdira datozenak Arbizu eta Uharte Arakilgo poligonoetan utziko dituzte autoak eta bertatik autobusak egongo dira jendea Lakuntzara eramateko, herria itxita egonen baita" zehaztu zuen udalburuak. Baina lakuntzarrek ez dute mugitzeko arazorik izango. "Etxez etxe txartelak banatuko ditugu lakuntzarrek autoarekin herritik sartu eta ateratzeko problemarik izan ez dezaten" nabarmendu zuten. Hirugarrenik, antolatzaileak, udalak eta tabernariak bildu egingo dira gaueko ordutegia adosteko. "Jendeari ahalik eta arazo gutxienak eman nahi dizkiogu eta ordutegia ere zehazteko asmoa dugu" aipatu zuen alkateak. Batzarrak deituko diraBide batez, edozein zalantza argitzeko Udalera jotzeko gonbita egin zuen alkateak. "Herritarrek informazio guztia jasotzea nahi dugu. Edozein zalantza badute etor daitezela lasai eta dagoenaz informatuko dugu. Gainera, beharrezkoak diren batzar guztiak deituko ditugu jaialdi honek eskatzen dituen erabakiak hartzeko". Halaber, alkateak nabarmendu zuen Lakuntzako herriak irabazi egingo duela jaialdi honekin. "Nazio mailan eskaparate bat izango gara, eta demostratuko dugu gauzak ongi antolatzen dakigula eta zerbitzua ematen badakigula" azpimarratu zuen. Bukatzeko, jaialdia antolatzeko herritarren laguntza eskatu zuen eta lasai egoteko eta disfrutatzeko dei egin zien lakuntzarrei. Baimena utzi izanagatik antolatzaileak gogoz eskertu zuten Lakuntzako Udala eta herria bera. Igandean, Oinez antzekoa Hatortxu rock ez da soilik rock kontzertua izanen, hitzaldiak, erakusketak, kale animazioa eta beste egongo baitira. Ostiral eta larunbatean kontzertuak egongo dira eta bereziki jende gaztea egonen da, baina igandean "Nafarroa Oinez antzeko bat" prestatu nahi da, adin guztietako jendea erakartzeko. Bost gune nagusi izango dira: Beriain gunea - kontzertuetarako gune nagusia, aire librean - , Utsaia gunea - Beriain gunetik gertuko kontzertuetarako gunea, karpa erraldoiarekin - , Kanpinaren gunea - Itxesalde futbol zelaiaren inguruan. Itxesalden dutxak, kafetegia eta denda zerbitzua jarriko dira - , Herri Gunea - Herriko plazan kioskoa eta txosnak jarriko dira, eta antolakuntzaren zerbitzu orokorrak izango dira, eta frontoia jantoki erraldoia izango da, egunero herri bazkariak emateko - , eta Piszina gunea - frontoian kontzertuak izanen dira eta gune hori haurren gunea izango da igandeko festan - . www.hatortxurock.orgDagoeneko ezagutzen dira hiru egun hauetan ariko diren taldeak - aurrerago emango ditugu Guaixen xehetasun guztiak - baina egitaraua ez dago guztiz itxita, eta ildo honetan herriko taldeak Hatortxun parte hartzera gonbidatu nahi ditu antolakuntzak. Bestalde, Fredi Paia bertsolariaren letran oinarrituz Governors taldeak Hatortxu rock-erako prestatutako "Kristal kolpatua" abestia entzuteko aukera izan zen, eta hainbat lakuntzarrek taldetxoa osatu eta bi kanta eskaini zituzten. Hatortxu rock-erako sarrerak salgai daude ohiko tokietan, Sakanako tabernetan barne, eta baita www.hatortxurock.org web orrian. Bertan dago jaialdiari buruzko informazio guztia ere.Sarrerak baliogabeAzken orduko berri garrantzitsua zabaldu du Hatortxurock-en antolakuntzak. Salmenta puntuetarako bidean zeuden zenbait sarrera eta bono lapurtu egin dituzte. Ondorioz, antolakuntzak baliogabe utzi ditu sarrera horiek. Hauek dira baliogabetutako sarrerak: Ostiraleko sarreretan: 81.501-etik 81.650era eta 81.701etik 81.850era; larunbateko sarreretan: 30.001etik 30.150era eta 30.201etik 30.350era; eta bonoetan: 56.501etik 56.650era eta 56.701etik 56.850era artekoak. Sarrera edo bono horiek dituztenak ezin izanen dira jaialdian sartu. Antolakuntzak jakinarazi du sarrerak internet bidez eta sarrera puntu ofizialetan bakarrik saltzen direla (zerrenda www.hatortxurock.org orrian dago).