Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bukatu da Erregional mailako denboraldia. Lagun Arteak etxean jokatu zuen azken jardunaldia, Amayaren kontra, eta gozatu ederra eman zien zaleei, 4-2 hartu baitzuen menpean Iruñeko taldea. Nahiz eta negua gogorra izan, primerako egoeratan zegoen Zelai Berri zelaia eta partida entretenigarria eskaini zuten bi taldeek. Joko onarekin eta gol bikainekin, itxura ezinhobea eman zuten lakuntzarrek. Hala ere Amayakoak izan ziren markagailuan aurreratu zirenak, 8. minutuan, baina atsedenaldia baino lehen berdintzea lortu zuen Josebak. Bigarren zatian hasi zen lakuntzarren gol festa, Bengoetxeak, Josebak eta Gascok sartutako golekin. Aipatzekoa da Josebak arratsalde bikaina izan zuela, bikain aritu baitzen, zaleak asetuz eta inolako bainarik gabe. Bukaeran Unzuk Amayakoen bigarren gola sartu zuen, penaltyz. Pamplona izan da liderra, 66 punturekin, eta hirugarren mailara igotzea lortu du. Cantolagua bigarrenak (59 puntu) eta San Jorge hirugarrenak (58 puntu) igoera fasea jokatuko dute. Lagun Artea seigarrena sailkatu da, 45 punturekin. Lagun Artea taldearen helburua ahalik eta lan txukunena egitea eta goiko postuetan ibiltzea zen, eskualdeko eta gertuko jokalariekin arituz. Hortaz, seigarrenak sailkatu direla kontuan hartuta, ez dute lan makala egin lakuntzarrak. Egia da ere denboraldian barna gorabeherak izan dituztela, hau da, bolada onak eta kaxkarragoak, eta nahiz eta akaso sailkapenean gorago egoteko merituak izan, denboraldi txukuna osatu du taldeak. Orain Kopan lehiatuko dira lakuntzarrak eta hurrengo urtean Preferente mailan jarraituko dute.