Hemen da Lakuntzako Kultur ille

Guaixe 2009ko maiatzaren 15a

Joan zen urteko arrakastaren ondoren, Lakuntzako Udalak Kultur ille antolatu du atzera ere. Iazkoaren bidea jarraiki, Lakuntzako elkarteen laguntzarekin, herriko txoko guztietara eramanen dute kultur uholdea. Musika, dantza, hitzaldiak, zinea, tailerrak, pintxo dastatzea, bertsoak, antzerkiak eta besterekin, ekainaren 14ra arte ez dago aspertzeko betarik Lakuntzan. Asteburu honetan mustuko dute 2009ko Kultur ille.Estreinakoak asteburuanJoseba Garmendiaren hitzaldiak mustuko du aurtengo Kultur ille. EHUko irakasle eta ekonomian adituak Joseba Garmendiak kapitalismoaren krisia izanen du hizketa gai. 19:00etan emanen du hitzaldia, Haizea elkartean. Hitzaldia Nafarroa gorria, berdea eta morea ekimenaren barruan kokatzen da. Txistu eta danbolinen doinuekin itzarriko dira lakuntzarrak igandean, Dantzari Txiki Egunaren iragarle. Asteburua goxo-goxo amaitzea nahi duenak, Helena Tabernaren La buena nueva filma ikusteko aukera izanen du igande arratsaldean, 18:30ean, Gure Nahia elkartean. Emakumea musikan Haize Berriak bandarekinSakanako Haize Berriak bandak kontzertua eskainiko du larunbatean, 18:00etan, Lakuntzako elizan. Sakanako musikariek emakumeei eskainitako kontzertua moldatu dute txanda honetarako. Martxoan Olaztin eta Altsasun egin zuen antzera, Haize Berriak bandak musikaren historiak kendu dion protagonismoa itzuli nahi izan dio emakumeari. Horretarako, emakumeek konposatutako obrak edota emakumeak protagonista dituen obrak aukeratu ditu eta emakumeak jarriko ditu bakarlari lanetan. Gizonen munduan arrakasta lortu zuen emakume baten obrak irekiko du kontzertua: Germaine Tailleferre-ren Marche pour harmonie obrak. Joan zen mendeko obra hau Desire Dondeyne-k moldatu du bandarako. Haren ondotik, Jan Hadermann-en Spothlight on the bass clarinet interpretatuko du bandak. Jasone Etxebeste lakuntzarra izanen da bakarlaria, klarinete baxuarekin. Georges Bizet-en Suit Carmen obrarekin agurtuko du Sakanako bandak kontzertua. Tohru Takahashi-k egin du bandarako moldaketa. Bandaren zuzendari Luis Orduñak jakinarazi digunez, Lakuntzan jotzeko gogo-biziz dago Sakanako banda. "Udalak behin baino gehiagotan egin digu eskaera, baina, agenda arazoengatik, ezin izan gara lehenago joan" adierazi du. "Horregatik gogotsu hartu dugu kontzertua" gaineratu du.