Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzera ere, kultur jardueraz beteta dator asteburua. Kultur ille 09-ren barruan, lakuntzarrek denetariko aukerak dituzte. Asteburua behar bezala hasteko, zine emanaldi ederra izanen dute gaur arratsaldeko 19:30ean, Lakuntzako Pertza elkartean. Gerardo Olivares-en 14 kilometros filmean Europara iristeko helburuarekin Sahara zeharkatuko duten hiru lagun dira protagonistak. Filma amaituta, Falu eta Sheg senegaldarrek beraien bizipenak azalduko dituzte. Larunbatean, 10:00etan emanen diote hasiera egunari, graffiti margoketarekin. Lakuntzako igerilekuan izanen da saioa. Jokin Alegria eta Iker Uribetxebarriak gidatuko dute margoketa, baina nahi duten guztiek bat egin dezakete haiekin. Arratsaldeko 16:00etan, Sakanako Mankomunitateko Euskara, Kirol eta Immigrazio Zerbitzuek antolatutako jarduera hartuko du herriak: Joko saltsa. Bertan, bat eginen dute kirolak, euskarak eta kultur aniztasunak. Hiru zerbitzuek 8tik 11 urtera bitarteko Sakana osoko neskato eta mutikoak gonbidatu dituzte festara. Arratsalde dibertigarria pasatzeko aukera paregabea izanen dute bertaratzen diren guztiek.Eguna jai giroan amaitzeko, goi mailako bertso saioa antolatu du Lakuntzako Udalak. 20:00etan, bertso poteoa egonen da Xabier Silveira, Xabi Paia eta Erika Lagomarekin. Eztarria nahiko heze eta gero, sabela betetzeko aukera izanen dute, bertso afarian. Ondoren, mahaiaren inguruan amaituko dute denek, bertso afarian.