Lagun Arteak kopari agur

Guaixe 2009ko ekainaren 1a

Preferente mailako Nafarroako Kopako final zortzirenetako itzuliko partidak jokatu dira asteburuan. Joanekoan Tuteraren kontra husna berdindu eta gero, Lakuntzako Zelai Berrin erabaki behar zen zein talde sailkatuko zen final laurdenetarako. Lagun Artea irabaztera atera zen eta nahiz eta gogo asko jarri, ezin izan zuen. Nolanahi ere etxekoak izan ziren markagailuan aurreratu zirenak, 44. minutuan Sergiok sartutako golari esker, baina Tuterako Aaronek bana berdindu zuen 52. minutuan. Hortik aurrera gola egiten saiatu ziren lakuntzarrak baina ez zuten kontrako atean asmatu. Aldiz, Tuterakoek ofizio gehiago erakutsi zuten, berdinketari eutsi baitzioten, etxetik kanpo sartutako golek balio bikoitza dutela eta, banaka berdindu eta gero eurak aurrera egingo zutela baitzekiten. Eta hala gertatu zen. Tuterak egin du aurrera txapelketan. Lakuntzarrendako bukatu da aurtengo denboraldia. Ligan seigarrenak izan dira, eta Preferente mailan jarraituko dute hurrengo denboraldian. Ea merezitako atsedena hartu eta hurrengo denboraldian indarberrituta itzultzen diren.